Bakegileak errugabetzeko eskatuko dute abokatuek, «premiazko egoeragatik»

Esnal eta Paroten egoerak eta gatazkaren konponbide prozesuak uztailaren 23ko ekintzak justifikatzen dituela alegatuko dute Akizen

Abokatuak eta Bakegileak, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko abenduaren 12a
18:23
Entzun

Uztailaren 23an Akizen (Okzitania) trenbidea blokeatu zuten ekintzaileak errugabe jotzeko eskatuko dute haien abokatuek Akizeko Auzitegian. Ostegunean izanen dute epaiketa bederatzi bakegileek, eta bost urtetik gorako kartzela zigorra eta isunak arriskatzen dituzte. Trenbidera baimenik gabe sartzea, trenen zirkulazioa oztopatzea eta taldean egindako lapurreta leporatzen dizkiete. Ekintza hura «premiazko egoerak» justifikatzen duela alegatuko dute abokatuek.

Desobedientziara deitu zuten uztailaren 23rako Bakegileek. Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatu, eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko. Ostegunekoez gain, beste 11 epaituko dituzte otsailaren 2an, autobidea blokeatzeagatik.

«Guretzat arau hauste horiek ez dira existitzen», esplikatu du Arantxa Ihidoi abokatuak. «Premiazko egoerak justifikatzen ditu». Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuak eta Esnalen eta Paroten egoerak sortzen du premiazko egoera, abokatuen iritziz. Hala kontsideratzeko, ekintzak bi irizpide bete behar ditu zuzenbidearen arabera: interes orokorrekoa eta proportzionala izatea.

«Esnalek eta Parotek 32 urte zeramatzaten preso; ateratzen ez baziren, ez zuten sekula ateratzeko esperantzarik izanen. Ilegala da Europako legediaren arabera, preso orok izan behar baitu noizbait libre ateratzeko aukera», azaldu du Ihidoik. Hor legoke premiazko egoera. Era berean, zehaztu du epaitegiek berek aipatu dutela Euskal Herrian bake prozesu bat badela: «Kontuan hartzen dute, eta erraten dute balio duela. Akizeko auzitegiak erranen balu deus ez dela, kontra joanen litzateke», ebatzi du.

Ihidoiren hitzetan, Bakegileek ez zuten arriskurik hartu, ez zuten inor arriskuan ezarri, ekintza kolektiboa izan zen, eta sostengu handikoa. Hor ikusten du proportzionaltasuna.

Lau abokatuk segurtatuko dute bederatzi ekintzaileen defentsa. Ihidoiz gain, Anne-Marie Mendiburu, Herve Espiet eta Christophe Deprez arituko dira. Halaber, hiru lekuko deituko dituzte adierazpenak egitera: Daniel Olzomendi Euskal Elkargoko Turismorako lehendakariordea, Jean Daniel Elixeri bakegilea eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. Herritar andana ere joanen da babesa ematera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.