Gazte mugimendua

GKSk «enpresarien eta agintarien erasoaldiaren» aurka manifestatzera deitu du urtarrilaren 28rako

Gazteen arteko «antolakuntza eta borrokarako grina» hedatzeko ere baliatu nahi dituzte mobilizazioak. Bilbon eta Iruñean antolatu dituzte manifestazioak.

GKSren agerraldia gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 13a
11:03
Entzun

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak manifestazioetara deitu du urtarrilaren 28rako, Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Bilbon eta Iruñean antolatu ditu mobilizazioak. GKSk gaur goizean eman du deialdien berri, Gasteizen, agerraldi jendetsu batean.

GKSko kideek gaur egungo egoera politiko eta ekonomikoaren testuinguruan kokatu dituzte protestak. Salatu dutenez, herritar guztiek ez dituzte modu berean nozitzen «kapitalismoaren krisi sakonaren» ondorioak; are, ohartarazi dute bankari eta enpresari handiak «negozioa» egiten ari direla langileen kontura. Haien ustez, «enpresari handien eta agintarien erasoaldia» da egungoa, eta egoera ez da egun batetik bestera aldatuko. «Kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara, paradigma kapitalista berri batean, eta paradigma berri horretan langileon pobrezia eta eskubideen ezabaketa ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik».

GKSren iritziz, politikari profesionalak ere langileen aurkako erasoaldiaren parte dira; Europako Batasunaren «mandatuei lotuta» egoteaz gain, erasoaldiaren «onuradun» ere badirela kritikatu dute. «Beraien praktikak goraino betetzen dituzten bitartean, gazte belaunaldion bizi baldintzak okertzen ari dira». «Gazte langileen» bizi baldintzak «prekarioak» direla salatu dute: «Etorkizun duin baterako baldintzarik gabe gaude; miseriazko soldata baten truke egiten dugu lan; laneko nagusiaren abusuak jasan behar ditugu; kriminalizatu egiten gaituzte; eskubide politikoak ezabatzen dizkigute...».

Egoera horren aurrean, GKSrentzat premiazkoa da «gazte langileen» batasun politikoa sustatzea eta «enpresari handien eta agintarien erasoaldiari» aurre egitea. Helburu horrekin antolatu dituzte Bilbo eta Iruñeko manifestazioak; nolanahi ere, azpimarratu dute mobilizazioak baliatu nahi dituztela «gazteen arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatzeko» eta «enpresarien eta politikari profesionalen eraginetik kanpo antolatzen jarraitzeko ere». Izan ere, ezinbesteko iritzi diote gero eta lurralde gehiagotan mobilizazio dinamikak sortzeari eta horietan gero eta jende gehiago batzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.