TXILE

Txilek 2023ko azaroan egin asmo du prozesu konstituziogile berrirako plebiszitua

Txileko alderdi politikoek prozesu konstituziogile berrirako bidea adostu dute. Herri bozketa bidez hautatutako 50 pertsonak eta 24 kideko batzorde aditu batek osatuko dute Konstituzio Kontseilua. 

Manifestari bat Txileko Poliziaren aurka, irailean, estatu kolpearen 49. urteurrenean, Santiagon. ALBERTO VALDES / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 13a
12:30
Entzun

Txileko alderdi politikoek gaur jakinarazi dutenez, prozesu konstituziogile berrirako bide orria hitzartu dute, hiru hilabete baino gehiagoko negoziazioen ostean, eta irailaren 4ko erreferendumean txiletarrek aurreko proposamenari ezezkoa eman ondotik. Txileko Senatuak kaleratutako oharraren arabera, konstituzio berrirako proposamenaren abiapuntu nagusia da oinarri instituzionalak dituen erreforma proiektu bat egitea, baita konstituzioa soilik idatziko duen organo bat eratzea ere, alderdi politikoek hala hitzartu dutenez. 2023ko azaroan egin asmo dute prozesu konstituziogile berrirako plebiszitua.

Itunaren arabera, herritarrek hautatutako 50 pertsonak osatuko dute konstituzioa lantzeaz arduratuko den Konstituzio Kontseilua, eta, prozesuan, halaber, ibilbidean lagunduko duten 24 adituk ere parte hartuko dute; horietatik hamabi Diputatuen Ganberak izendatuko ditu, eta beste hamabi Senatuak. Dokumentuak dioenez, «proposatutako konstituzio arauak jarduneko kontseilarien hiru bostenek onartuko dituzte, eta azken proposamena quorum beraren bidez Kontseiluaren onespenaren pean jarriko da».

Gainera, Onargarritasun Batzorde Tekniko bat egongo da, Senatuak aukeraturiko hamalau legelarik osatutakoa, eta onartutako arauak berrikusiko ditu, neurrien «balizko onartezintasuna» zehazteko, oinarri instituzionalen aurkakoak direnean.

Adituek aurreproiektu bat landuko dute urtarriletik aurrera, Konstituzio Kontseiluaren lan oinarria izango dena, «ideia nagusi baten erakoa», itunak ezartzen duenaren arabera. Konstituzio Kontseiluak —parekidea izango da, eta indigenek ere parte hartuko dute— konstituzio berrirako proposamena prest duenean, adituei itzuliko die, hurrengo prozesua has dezaten eta sakoneko alderdiak berrikus ditzaten, hala uste badute.

Egungo konstituzioa erreformatzen duen araua denez, akordioa lege proiektu gisa bozkatu beharko dute Kongresuan, eta legebiltzarkideen lau zazpirenek berretsi beharko dute. Eskuin muturreko Alderdi Errepublikanoa eta eskuinarekin lerrokatutako Jendearen Alderdia akordiotik kanpo geratu dira.

Azken urratsa izango da plebiszitua egitea. Herritarrek berretsi edo baztertu egin beharko dute azken proposamena; ondo bidean, 2023ko azaroaren 26an egingo duten erreferendumean.

«Etorkizun hobe baten alde»

«Demokrazian jaiotako konstituzio berri batean aurrera egiteko bide berri baten hasiera da, gure aberriarentzat eta gure herriarentzat etorkizun hobe bat eratzeko aukera berri bat», esan du Senatuko presidente Alvaro Elizaldek, Santiagoko Kongresu zaharreko liburutegian dokumentua sinatu eta geroko hitzaldian. Nabarmendu duenez, herrialdearen historiako ikasgaiak «aintzat hartu» eta «umiltasunez» aritu behar dute guztiek. Jarraian, Diputatuen Ganberako presidenteak hartu du hitza, eta hau gaineratu du: «Alderdi guztiak hartu ditugu kontuan iraganean egindako hutsegiteak ez errepikatzeko eta prozesuak bere bidea ondo egiteko».

Bestalde, itunak oinarrizko testu berriaren hamabi oinarri ere jasotzen ditu; besteak beste, Txile estatu bateratu, zuzenbidezko estatu sozial eta demokratiko gisa aipatzea, baita herri indigenen aitortza eta organo autonomoak mantentzea ere, hala nola Banku Zentrala.

Ituna heldu da, hain zuzen, indar politikoen arteko hiru hilabete baino gehiagoko negoziazioen ondoren. Elkarrizketa horietan, testua idatzi duen organoa aukeratzeko mekanismoa izan da oztopo nagusia. Negoziazioak aurrera egin ahala, bi aldeak jarrerak hurbilduz joan dira, ados jarri diren arte.

Bide malkartsua

Txileko prozesu konstituziogilea 2019 amaieran Latinoamerikako herrialde hartan izan ziren protesta oldeen ondoren gauzatu da. Augusto Pinocheten 1973 eta 1990 bitarteko diktadura amaitu zenetik izandako protestarik handienak izan ziren. Mobilizazioak, zehazki, metroaren prezioa garestitzearen aurka antolatu zituzten, eta eredu ekonomiko eta sozial justuago baten alde aldarrikatu zuten.

Hilabete gogorrak izan ziren haiek, protesta baketsuak, indarkeria ekintzak eta Poliziaren jazarpena tarteko. Istiluek 30 hildako eragin zituzten, baita milaka zauritu eragin ere. Bide horretan, Nazio Batuen Erakundeak eta beste zenbait taldek estatuko indarrei leporatu zieten herritarren giza eskubideak urratzea.

Manifestazioak baretzeko asmoz, konstituzioa aldatzeko plebiszitua egitea adostu zuten alderdi politikoek, 2020ko urriaren 25ean, pandemia betean. 1980an idatzitakoa zen konstituzioa, Pinocheten agindupean, eta partzialki erreformatu zuten 2005ean, Ricardo Lagos presidente zela. Bada, boto emaileen %78k aldeko botoa eman zuten, herritarren %50ek parte hartu zuten galdeketa batean. Gisa horretara, testu berria hautetsontzietan aukeratutako ad hoc konbentzio batek egitea erabaki zuten.

Txiletarrak 2021eko maiatzean itzuli ziren bozkalekuetara Konbentzioko 155 kideak izendatzeko. Hori bai, aukeraketak parekidea izan behar zuen, eta herri indigenek hamazazpi postu ziurtatuta zeuzkaten. Hautaketaren emaitza aurrerakoia izan zen, hautagai independenteen gehiengoarekin; eskuinak, aldiz, ez zuen ia ordezkaritzarik lortu.

Konstituziogileak urtebetez idatzi zuen konstituzio testuaren zirriborroa, eskuinaren kritikak gorabehera. 2022ko uztailaren 4an, zirriborroa Gabriel Boric presidenteari eman zitzaion, eta hark berehala plebiszitua egiteko deia egin zuen, herritarrek testua berretsi zezaten.

Arau proposamenak diktaduraz geroztik Txilen indarrean dagoen sistema neoliberala zokoratzen zuen; arlo publikoaren presentzia, aldiz, handiagotu. Gainera, «konstituzio feministatzat» jo zuten askok, baita «estatu ekologiatzat» ere, ingurumenaren aldeko eta krisi klimatikoaren aurkako apustu sendoa egiten duelakoan.

Funtsezko beste puntu batzuen artean, besteak beste, lehen mailako osasun sistema unibertsal baten, hezkuntza publikoaren eta estatuko pentsio sistema indartzean alde jasotzen zituen proposamenak. Txile «nazio pluraleko estatu gisa» definitzen zuen, eta herri indigenen eskubideak onartzen zituen. Azkenik, ura eta halako funtsezko baliabideen pribatizazioa amaitzearen alde egiten zuen.

Azken proposamena, ordea, irailaren 4an baztertu zuten, plebiszitu batean; txiletarren %62k aurka bozkatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.