Zaintza

Larunbatean beste astebeteko greba abiatuko du ELAk Bizkaiko zahar etxeetan

Abenduaren 17tik 23ra greba egitera deitu ditu langileak. Sindikatuak salatu du patronalek eta aldundiak «negozioa pertsonen gainetik» jartzen dutela.

Azaroan bost greba egun egin zituzten adinekoen egoitzetan, ELAk deituta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2022ko abenduaren 13a
13:19
Entzun

ELAk gaur iragarri duenez, Bizkaiko zahar etxeetan beste astebeteko greba egingo du, larunbat honetan hasita: abenduaren 17tik 23ra izango dira lanuzteak. Sindikatuak azaldu du negoziazioak «blokeatuta» daudela: «Tamalez, Gesca, Lares eta Elbe patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak sektorearen aldarrikapenak alde batera uzten jarraitzen dute, eta gabezia larriak dituen eredu bati eusten diote: negozioa pertsonen gainetik lehenesten duen eredua».

Aurten hamalau greba egun egin dituzte ELAko langileek sektorean: azaroaren 21etik 25era egin zuten azken greba, eta, hilabete eskas igaro den honetan, berriro ekingo diete lanuzteei. Egoitza publikoetako langileen baldintza berdinak eskatuko dituzte: besteak beste, behargin kopurua bikoiztea eta soldatak parekatzea. Gogora ekartzekoa da Bizkaian kudeaketa pribatua nagusitzen dela: aldundiak bi zahar etxe baino ez ditu kudeatzen zuzenean. Zaintza zerbitzuek «kudeaketa publikoaren esku» beharko luketela uste du ELAk.

Larunbatean izango da lehen greba eguna: manifestazioa egingo dute Arriaga plazatik, 17:00etan abiatuta. Egunero egingo dituzte protestak, eta lanuzte dinamika datorren asteko ostiralean amaituko dute, beste manifestazio bat eginez, Bizkaiko Diputazioaren egoitzatik irtenda.

LAB, bihartik aurrera

LAB ere greban da Bizkaiko adinekoen egoitzetan; izatez, zazpi eguneko lanuzte dinamika bat du abian, eta azken hiru protesta egunak asteon egingo ditu: bihar, etzi eta etzidamu. Hiru egunotan, langileek itxialdi bat egingo dute Bilboko Atxuri auzoan, Gizakundearen elizan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.