Zaintza

Urtean bederatzi eguneko baimena egongo da Hegoaldean senideak eta bizikideak zaintzeko

Familia Aniztasunaren eta Familiei Laguntzeko legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Gobernuak. Kontziliazio neurri sorta zabala biltzen du lege egitasmoak.

Guraso batzuk haur batekin paseatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 13a
16:42
Entzun

Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluak Familia Aniztasunaren eta Familiei Laguntzeko Legearen aurreproiektua onartu du gaur. Lege berriarekin senideen zaintzarako eskubideak zabaldu nahi ditu gobernuak, eta asmo horrekin hiru baimen berri abian jarriko ditu. Batetik, urtean bost egun izango dira familia edo bizikidea zaintzeko, «istripu, gaixotasun larri, ospitalizazio edo kirurgia dela-eta», eta lau eguneko beste baimen bat larrialdi egoerei aurre egiteko, hau da, eritasun edo istripuren bat gertatzen bada eta berehalako presentzia ezinbestekoa bada. Bi baimen horiek ordaindu egingo dira. Horietaz gain, zortzi asteko baimena emango zaie 8 urte baino gutxiago dituzten haurren gurasoei zaintza lanak errazteko, baina ez da ordaindua izango. Progresiboki ezarriko dute azken neurri hori: 2023an sei asteko baimena indarrean sartuko da, eta 2024an, zortzi astekoa.

Era berean, familia ugariren multzoa zabalduko du legeak. Hala, guraso bakarreko familiek familia ugarien eskubide berberak izango dituzte aurrerantzean: familia ugaritzat hartuko dira guraso bakar batek eta bi haurrek osatutako familiak.

0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten amentzako 100 euroko diru laguntza «unibertsala» egiteko bidean urratsa egingo du gobernuak, halaber. Lege proiektuak jasotzen duenez, laguntza hori jaso ahalko dute langabeziagatik prestazioa jasotzen ari diren ama guztiek, eta baita erditze egunetik 30 egun kotizatzen dutenek ere. Legeak jasotzen duenez, lanaldi partzialeko edo aldi baterako enplegua duten emakumeek ere laguntza hori jasoko dute.

Gobernuak hiru hilabeteko epea du orain txosten juridiko guztiak batu eta lege proiektua kongresura bidaltzeko. Asmoa da uda aurretik legea indarrean egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.