Espetxe zigorra ezarri diete Nizako atentatuarekin lotutako zortzi laguni

Hiltzaileari armak lortzen eta kamioia alokatzen laguntzeagatik joango dira espetxera. 2016an egindako erasoak 86 hildako eta 400 zauritu baino gehiago eragin zituen.

Parisko Justizia jauregian egin dute epaiketa. MOHAMMED BADRA / EFE
Maddi Iztueta Olano - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2022ko abenduaren 13a
17:51
Entzun

Kamioi batek 86 lagun hil zituen Nizan (Frantzia) 2016an. Gidaria egun horretan bertan hil zuen Frantziako Poliziak, eta erasoarekin lotutako beste zortzi pertsonaren aurkako epaiaren berri eman du gaur Frantziako auzitegi berezi batek. Chokri Chafroudi eta Mohamed Ghraiebi hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri die, kamioiaren alokairuan lagundu izanagatik. Ramzi Arefari, berriz, hamabi urteko espetxe zigorra ezarri dio, gidariari arma saldu izanagatik.

Epaiaren berri gaur eman badute ere, atzo arratsaldean amaitu zen erasoaren inguruko epaiketa. «Ez nuen hausnartu egiten ari nintzenaren inguruan, eta duela sei urtetik ezin dut gertatutakoa burutik kendu», esan zuen Arefak atzoko epaiketan. Beste bost lagun ere espetxera joango dira, Nizako atentatuaren egileari lagundu izanagatik. Artan Henaji zortzi urteko espetxe zigorra ezarri dio auzitegiak; Enkeledja Zaceri, bost urtekoa; Maksim Celaji eta Endri Elesiri, hirukoa, eta Brahim Tritrouri, berriz, bi urtekoa. Arma trafikoa eta konspirazio kriminala leporatu die auzitegiak.

Frantzian izandako atentatu larriena izan zen Nizakoa, 2015eko azaroaren 13an EI Estatu Islamikoak Parisen —Bataclan antzokian, besteak beste— egindakoaren ondotik. Hain zuzen, 2015eko atentatua epaitzeko berariaz sortutako auzitegi berezi bat izan da Nizan egindakoa ikertu eta epaitu duena, eta Parisko Justizia Jauregia izan du egoitza.

Gau beltza

Sei urte igaro dira Nizako (Frantzia) Ingelesen etorbideko pasealekua gorriz zikindu zenetik. Frantziako Errepublikaren Eguna aitzakia hartuta, su festa ikustera irten ziren milaka herritar, 2016ko uztailaren 14an. Txinpartek zerua gorritzen zutela, kamioi bat sartu zen ibilgailuentzat itxita zegoen pasealekuan, ziztu-bizian, eta 400 lagun inguru harrapatu zituen. Kaosaren erdian 86 pertsona hil ziren; horietan artean, hamabost haur.

Frantziako Poliziak gau hartan bertan hil zuen tiroka kamioi gidaria. Mohamed Lahouaiej Bouhel zuen izena, eta 31 urte zituen. Tunisian jaio zen arren, Frantzian herritartua zen. Fiskalaren arabera, poliziei ere tiro egin zien gidatzen ari zen bitartean.

Atentatuaren biharamunean, EIk bere gain hartu zuen erasoa, eta esan zuen Lahouaiej talde islamikoko «soldadua» zela. Dena den, Lahouaiejek ez zuen muturreko jarrera erlijiosorik erakutsi bere lagunen artean, eta kasuaren ikertzaileek ez dute inoiz EIren eta Lahouaiejen arteko lotura zantzurik aurkitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.