Migratzaileak

Migratzaile bat kanporatzeko agindua kendu du prefetak

Martial Ehouman bolikostarraren egoera salatu zuten atzo Baionan, baina prefetak hautetsien galdeari erantzun dio, eta erran die kanporatze agindua kenduko duela.

Ehouman sostengatzeko agerraldia, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 14a
12:42
Entzun

Martial Ehouman 2020an heldu zen Baionara, Boli Kostatik. Geroztik, Ipar Euskal Herrian egin du bizia, eta, besteak beste, Gaueko Mahaian laguntzaile gisa ari da. Uztailean, ordea, lanetik ateratzean, Frantziako Poliziak kontrolatu zuen, eta berehala Frantziako Estatutik ateratzeko agindua ezarri zioten. Bihar zuten kanporatzekoa, Miarritzetik (Lapurdi) Abidjanerako (Boli Kosta) hegaldi baten bidez. Gaueko Mahaiko laguntzaileek, ordea, egoera jendaurrean salatu zuten, eta prefetari eskatu zioten bertan behera uzteko haren kontrako neurriak. Atzo arratsalderako, hegaldia bertan behera utziko zuela erran zuen prefetak. Bada, gaur Ehoumanen egoera «berriz aztertzeko» eskatu dioten hautetsiei erantzun die prefetak: haren kontrako kanporatze agindua kendu du.

Gaurko manifestazioa antolatu zuten Gaueko Mahaiko kideek eta Etorkinekin elkarteak. Azkenean, bertan behera uztea erabaki dute. Ehouman «erregularizatuko» duten keinuak izan dituztela ere erran dute, nahiz eta horiek ezagutarazteko oraindik goiz den. Gisa berean, Gaueko Mahaiko kideek atzo erran zuten ez zutela afaririk banatuko protesta gisa. Azken berriak ikusita, iragarri dute bihar ekinen diotela berriz janari banaketari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.