KATALUNIA

Aragonesek esan du ez duela etsiko, nahiz eta PSOEk adierazi dion ez duela erreferendumik negoziatuko

Moncloak nabarmendu du «inoiz» ez dutela galdeketa bat antolatuko Katalunian. Generalitateko presidentearen esanetan, Kataluniak du erreferendum baten bidez bere etorkizuna «libreki erabakitzeko eskubidea».

Aragones, eta Laura Vilagra Presidentetza kontseilaria, gaur, Kataluniako Parlamentuan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 14a
13:01
Entzun

ERC Esquerra Republicanaren asmoa da Kataluniarentzako autodeterminazio erreferendum bat adostea Espainiako Gobernuarekin. Hori jakinarazi zuen Pere Aragones Generalitateko presidenteak irail amaieran, galdeketa lotesle hori zehazteko argitasun akordio bat proposatu zuenean. ERC txosten politiko bat bozkatzekoa da datorren urtarrilaren 28an, eta duela bi egun militanteei bidalitako zirriborro batean balizko erreferendum horren bide orria zehaztu zuen: gauzatu ahal izateko, parte hartzeak %50ekoa izan beharko du gutxienez, eta independentziaren aldeko botoek %55 baino gehiago izan beharko dute. PSOEko zenbait agintarik segituan erantzun diote Katalunian ez dutela independentzia erreferendumik antolatuko, «inkonstituzionala» delako, besteak beste. Baina Aragonesek gaur adierazi du ez duela etsiko, Moncloak ezezkoa eman dion arren adostutako erreferendum bat negoziatzeari.

Ikusi gehiago: Erreferendum bat noiz eta nola egin zehazteko argitasun akordio bat proposatu du Aragonesek

Kontrol saioa dute gaur Kataluniako Parlamentuan, eta han mintzatu da Aragones. Nabarmendu du Kataluniak duela erreferendum baten bidez bere etorkizuna «libreki erabakitzeko eskubidea», eta horrek inoiz ezin duela delitua izan. Adostutako erreferendumerako bide orria zabaldu du, hain zuzen, bai ERC eta PSC Kataluniako aurrekontuak negoziatzen ari direnean, bai errepublikanoek eta PSOEek adostutako diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreforma —Espainiako Zigor Kodearen erreformaren barruan— bozkatua eta onartua izan baino egun batzuk lehenago.

Ikusi gehiago: Madrilek ukatu egin du Zigor Kodearen erreforma buruzagi independentistentzako «berariaz» eginda dagoela

Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak atzo esan zuenez, Katalunian ez dute «inolako» erreferendumik antolatuko, eta, Moncloaren postura indartzeko, gaur Maria Jesus Montero PSOEko idazkariorde nagusi eta Espainiako Ogasun ministroak hitz egin du, Espainiako Kongresuan: «Pedro Sanchezen gobernu batekin, PSOE buru duen gobernu batekin, inoiz ez da egingo era horretako erreferendum bat, ez adostuta, ez irregularki».

Horren guztiaren harira, Salvador Illa PSCren talde parlamentarioko liderra «kontsulta» bat egitearen alde agertu da. «Kataluniako alderdi politikoek lortutako akordio bat berresteko kontsulta bat bada guk aurreikusten dugun aukeretako bat», adierazi du, Espainiako hedabidean batek gaur kaleratu duen elkarrizketa batean. Alderdikideak esandakoei buruz galdetu diote Monterori, eta erantzun du Illak planteatutakoa ez dela erreferendum bat. PSCren buruak zehaztu du, gainera, kontsulta hori «inondik inora» ez dela izango «hausturarako»; hau da, «autodeterminazioa« bideratzeko.

Eta PSCko presidente Miquel Icetak ere esan du ez dutela erreferendumik egingo Katalunian. Gaur egun Espainiako Kultura eta Kirol ministro ere badenak defendatu du, Kongresuan, urratsak egin daitezkeela, «instituzioek markatutako bideen barruan» badira betiere. «Estatutu bat egin daiteke, edo estatutua erreformatu daiteke, baina ez da prozedurarik egongo konstituzioak zehaztutako bideetatik kanpo».

Ikusi gehiago: Miquel Iceta: «Herritarren %65ek independentzia nahi badute, demokraziak ahalbidetu beharko du»

Barne eztabaida bat

JxC Junts Per Catalunyak ez du ERCk proposatutako «Montenegroren bidea» babesten. Alderdiaren presidenteorde eta bozeramaile Josep Riusek «Kataluniaren bidea», 2017ko urrian ibilitakoa, aldarrikatu du. «Herrialde horrek formula hori erabilita soilik lortuko luke behin betiko independentzia», esan du TV3n egin dioten elkarrizketa batean. JxC Generalitatetik atera zen urri hasieran.

Ikusi gehiago: Aragonesek egotzi dio JxCri herritarrak «bazter uztea» gobernutik aterata

Irail amaieran argitasun akordio bat proposatu zuenean, Generalitateko presidenteak Kanadako eta Quebeceko eredua aipatu zuen. Zeren, 1980ko eta 1995eko independentziarako kontsulten ondoren, 2000. urtean Argitasun Legea onartu zuen Kanadako Parlamentuak, zehazteko zein kasutan negoziatu ahal izango zuen gobernuak probintziaren baten sezesioa. Eta Montenegro aipatu du JxCk, 2006an Serbiatik banatzeko erreferenduma egin zuenean, gauzatua izateko EB Europako Batasunarekin adostutako baldintzak izan baitziren Aragonesek proposatutakoak.

Datozen asteetan proposamen horri buruz hitz egitekoa da Generalitateko presidenteak Kataluniako eragile politiko, sozial, sindikal, eta ekonomikoekin, hain justu, argitasun akordio hori sustatzeko. Parlamentuan gaur azpimarratu du «ezinbestekoa» dela Katalunian «barne eztabaida» bat hastea, mahai gainean jartzeko adostutako erreferendum baten proposamena, «eraginkorra eta nazioarteak aitortutakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.