Droga trafikoa

Kontrabandoko tabakoa ekoizten zuen sare bat desegin dute Hego Euskal Herrian, «Europan atzeman den handiena»

Hamasei lagun atxilotu dituzte. Aldatzen (Nafarroa) zuten fabriketako bat, eta zazpi ukrainarrek egiten zuten lan han, «ia esklabo».

Guardia Zibilak eta Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziako kideak Aldatzen (Nafarroa), zigarro paketeekin. GUARDIA ZIBILA
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 14a
13:29
Entzun

Apirilean «Europako marihuana plantaziorik handiena» aurkitu zuten Erriberri eta Artaxoa artean (Nafarroa). Oraingoan, berriz, «Europan atzeman den kontrabandoko tabakoaren sarerik handiena» desegin dute Hego Euskal Herrian; zigarroak ekoizten eta saltzen zituzten. Guardia Zibilak eta Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gidatutako operazioan, hamasei lagun atxilotu dituzte.

Ez hori bakarrik: bost miaketa egin dituzte ezkutuko eraikinetan, guztiak Hegoaldean, eta, denera, 4,5 milioi zigarro pakete eta 31 tona tabako orri konfiskatu dituzte, baita zigarroak eta paketeak ekoizteko makinak ere. Ia 80 milioi euroren irabaziak lortu ditu sareak. Aurrez, operazioan zehar, kamioilari bat ere atxilotu zuen Guardia Zibilak: 7,2 tona tabako zeramatzan, jada saltzeko prest.

Eman dituzten datuen arabera, atxilotuetatik seik Espainiako nazionalitatea dute, zazpik Ukrainakoa, eta hiruk Bulgariakoa. Aldatzen (Larraun, Nafarroa) atxilotu dituzte hamar, Iruñean bi, Urnietan (Gipuzkoa) beste bi eta Europako Batasuneko beste herrialde batean azken biak.

Besteak beste, zigarroak ekoizten ziren fabrika bat topatu dute Aldatzen (Larraun, Nafarroa), herrigunetik 500 metro eskasera: etxalde batean kamuflatuta zegoen, eta han zazpi lagun ukrainarrek egiten zuten lan. Poliziak azaldu duenez, «ia esklabotza egoeran» zeuden; pabiloian bertan bizi ziren, eta hamar eta hamabi ordu arteko lan jardunaldiak zituzten. Ez ziren pabiloitik sekula irteten, eta beste pertsona batek egiten zizkien erosketak.

Lanerako orduan, oinarrizko segurtasun neurririk gabe jarduten ziren: ezin ziren kanpora irten, lekua ez zegoen behar bezala aireztatuta, eta handia zen sute bat gertatzeko arriskua. Momentuz aske daude zazpi langile horiek, epaileak erabaki bat hartu bitartean.

Fabrika, ezkutuan

Aldazko pabiloian, besteak beste, fabrikaren erregistro liburuak topatu dituzte. Haiei esker jakin dute ekoizpena handia zela: azken hilabeteetan, hamalau milioi pakete baino gehiago ekoiztu dituzte. Kalkulatu dutenez, hilean hiru milioi pakete baino gehiago egin zitzaketen, egunean milioi bat zigarreta. Horretarako erabiltzen zuten makina «nahiko modernoa» zen, Guardia Zibilaren arabera. Txinan egindakoa zen, eta 500.000 euroko balioa zuen.

Fabrika ondo ezkutatuta zegoen. Alboan zegoen pabiloi batetik sartu behar zen, eta kanpotik lastoz estalita zegoen erabat. Ate bakarra zuen, eta hura ireki ahal izateko hainbat material mugitu behar ziren jasogailu baten bidez. Horrela, ikuskaritza bat izanda ere tailerra ez topatzea zen helburua.

Ikerketa

Guardia Zibilak 2021. urteko ekainean hasi zuen ikerketa, Nafarroako zenbait etxaldetan egiten ari ziren jarduera susmagarrien inguruko informazioa jaso eta gero. Baserria / Trampantojo operazioa deitu zioten. Ikerketak emaitzak eman zituen, eta, ondorioz, Iruñeko instrukzioko epaitegira eraman zuten. Bitartean, etxaldeen inguruan zainketa egiten jarraitu zuten agenteek.

Ikertzaileek azaldu dutenez, ikerketan nabaritu zuten etxaldeetako langileek segurtasun neurri zorrotzak hartzen zituztela. Hainbat jatetxetan bilerak izaten zituzten garraiolariekin; gero, Hego Euskal Herriko industrialdeetan zeuden pabiloietara eramaten zituzten; eta, han, paletetan bilduta egon ohi zen merkantzia kargatzen eta deskargatzen zuten.

Palet horietan tabako orria garraiatzen zuten. Ondoren, hura ekoitzi, eta, merkatuan dauden marken paketeak imitatuz, Europako Batasuneko hainbat herrialdetan saltzen zuten. Ikerketan Europolen laguntza izan dute Espainiako ikerlariek, tabako orriaren jatorriaren inguruko informazioa elkarri emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.