«Ukrainako herriak» Sakharov saria jaso du Europako Parlamentuan

Zelenskik europarlamentariei eskatu die «segurtasun arkitektura berri bat» eraikitzeko.

Saridunak Europako Parlamentuko buruekin, gaur, Bruselan. JULIEN WARNAND / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 14a
14:20
Entzun

Europako Parlamentuak urtero ematen die Kontzientzia Askatasunaren aldeko Sakharov saria giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen alde jarduten duten pertsona edo taldeei, eta gaur jaso du aurtengoa «Ukrainako herriak». Errusiaren inbasioaren ostean ukrainarrak izaten ari diren «ausardia» nabarmendu nahi izan du aurten Europarlamentuak. Herritarren izenean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, herrialde horretako larrialdi zerbitzuek eta giza eskubideen aldeko ekintzaileek jaso dute Sakharov saria.

Europako Parlamentuan izan dira Ivan Ferodov Melitgopolgo (Ukraina) alkatea, Oleksandra Matvitxuk abokatua, eta Julia Pajevska boluntarioa, besteak beste. Zelenskik bideo dei bidez eskertu die europarlamentariei saria eman izana, eta eskari bat egin die: «Ukrainak eta Europak segurtasun arkitektura berri bat eraiki behar dugu, nazioarteko bakea eta zuzenbide estatua bermatzeko». Errusiaren gerra krimenak epaitzeko ere eskatu dio Europarlamentuari.

Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak nabarmendu du Kiev «balio europarren alde» ari dela borrokan Ukrainako gerran, eta ez dutela «zalantzarik» horren inguruan.

Sakharov saria jasotzeko beste bi hautagaiak Julian Assange ekintzailea eta Kolonbiako Egiaren Batzordea ziren. Iaz, Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea izan zen sariduna.

Droneak, Kieven

Zelenskik gaur jakinarazi duenez, Errusiak berriro eraso dio Kievi: «Hamahiru drone jaurtita hasi dute gaurko eguna terroristek [Errusiak]. Hamahiruak suntsitu dituzte gure drone ukrainarrek», adierazi du sare sozialen bidez. Droneek kalteak eragin dizkiete administrazioaren bi eraikini eta etxebizitza bati, Ukrainako armadak adierazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.