Lan gatazkak

Bizkaiko metalgintza: akordiorik ez, baina mahaia irekita

Astebeteko grebaren ostean lan hitzarmena berritzeko eginiko lehen bilerak ez du fruiturik eman. FVEMek dio enpresak «eskaini dezaketenaren mugan» daudela, eta, ELAren ustez, greba mugagabera deitzeko garaia da.

Langile bat megafonotik oihuak, Bizkaiko metalgintzako sindikatuek hilaren 2an deituriko manifetazioan. OSKAR MATXIN / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abenduaren 14a
18:13
Entzun

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek eta FVEM patronalak oraindik ez dute lortu akordioa egitea 52.000 langileri eragiten dien lan hitzarmena berritzeko. Azaro amaierako grebaren osteko lehen bilera egin dute, eta ez da adostasunik egon. Sindikatuek salatu dute patronalak ez duela aldatu bere azken eskaintza –azaroaren 25ean bildu ziren– eta «esku hutsik» joan dela bilerara. FVEMek, berriz, nabarmendu du «ezin duela gehiago egin» eta langileen ordezkariak ez daudela prest jarrerak gerturatuko lituzketen mugimenduak egiteko. ELAren ustez, greba mugagabera deitzeko garaia iritsi da.

Negoziazio prozesu horren hogeigarren bilera izan da gaurkoa, eta azken bileran CCOO, LAB eta UGT sindikatuen eta patronalaren artean egondako «gerturatzeak» ez du jarraipenik izan. Hiruren artean, ordezkaritzaren %59 dute, akordioa sinatzeko adina. ELAk, berriz, ordezkaritzaren %41 du, eta bere eskaera propioak egiten ari da. Hala ere, negoziazio mahaiak aurrera jarraituko du, eta beste bilera bat egingo dute hilaren 21ean. CCOOk, UGTk eta LABek berriz biltzeko asmoa plazaratu dute, eta FVEMek aurreratu du bileretara joango dela aurrerantzean ere. Hori bai, «entzutera» joango dela iragarri du, enpresak «eskaini dezaketenaren mugan» daudelako. Hala ere, bi aldeek konpromisoa hartu dute eskaintza berriak prestatzeko.

ELAren ustez, FVEMek mahai gainean jarritakoa «oso urrun» dago metalgintzako langileek merezi dutenetik. Era berean, gogoratu du langileek grebaren alde eginez erantzun ziotela azaroaren 25eko eskaintzari, eta berritasunik ezean greba mugagabera deitzeko garaia dela. Bestalde, CCOOk, LABek eta UGTk nabarmendu dute borrokak eragina duela eta ,«beharko balitz», prest daudela greba dinamika luzatzeko. Bizkaiko metalgintzako langileek 11 greba egun egin dituzte aurten, eta, sindikatuen arabera, erantzun zabala izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.