Autodeterminazioa

Puerto Ricoren estatus politikoari buruzko erreferendumaz bozkatuko du AEBetako Kongresuak

Ordezkarien Ganberak gaur erabakiko du lege proiektuari buruz, eta gero Senatura pasatuko da; datorren azaroaren 5erako aurreikusten du galdeketa. Kontsultak hiru aukera eskainiko lituzke; tartean, independentzia.

Puerto Rico AEBetako 51. estatua bilakatzearen aldeko ekintzaile batzuk, iragan irailean galdeketaren alde egindako martxa batean. JORGE DASTIS / EFE
ander perez zala
2022ko abenduaren 15a
13:16
Entzun

«124 urteko kolonialismoaren ostean, estatusaren afera azkenik konpontzeko prozesu demokratiko, garden eta bidezko bat merezi dute puertorricarrek». Hitz horiekin baloratu du Nydia Velazquez AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako diputatu demokratak Puerto Ricoren etorkizunari buruzko erreferendumaz ados jarri izana. AEBetako Alderdi Demokrata eta Alderdi Errepublikanoa lege proiektu baten inguruan negoziatzen aritu dira, eta, behin prozesu hori amaituta, behe ganberak gaur bozkatuko du baiezkoa ala ezezkoa eman. Galdeketarako proposamenak hiru aukera jasotzen ditu: Puerto Rico AEBetako 51. estatua bilakatzea, estatu independentea izatea edo orain arte bezala segitzea, AEBetako Estatu Libre Elkartua izaten.

Iragan uztailean lehen aldiz aurkeztu zioten Washingtoni uharteko estatus politikoaren inguruko lege proiektuaren zirriborroa; gerora, joan den irailean, Puerto Ricoko gobernadore Pedro Pierluisik AEBetako Kongresuari eskatu zion onar dezala erreferendum lotesle hori egiteko modua emango lukeen iniziatiba. Hilabeteotan, bazirudien ekinaldia blokeatuta zegoela eta desadostasunak handiegiak zirela, baina, atzo, Steny Hoyer Alderdi Demokrataren Ordezkarien Ganberako buruzagiak jakinarazi zuen ados jarri zirela.

«Azken hilabeteotan elkartu gara denok partekatzen dugun uste bat oinarri hartuta: legegintza historiko honek merezi duten autodeterminazioa emango diela puertorricarrei, eta beren kabuz irlaren etorkizunaz erabakitzeko modua emango diela», adierazi zuen Hoyerrek Twitter sare sozialean. Puerto Ricoko gobernadorea AEBetako Ordezkarien Ganberan izango da gaur, bozketaren berri bertatik bertara izateko: «Egun historiko bat izango da, ez baita inoiz gertatu halakorik».

Lege proiektuak AEBetako behe ganberaren oniritzia jasotzen badu, gero Senatura pasatuko da, eta, han ere horren aldekoek irabazten badute —ehun senatarietatik gutxienez 60 behar dira—, Joe Biden herrialdeko presidenteak eman beharko du azken pausoa, testua sinatu beharko baitu lege bilakatzeko.

Hori bai, arazo bakarra egutegia izan liteke. Ordezkari politikoek datorren aste amaieran hasiko dituzte oporrak, eta lege proiektu eta lege proposamen asko dituzte oraindik onartzeko. Gainera, urtarrilaren 3an Ordezkarien Ganbera berria eratuko dute, Alderdi Errepublikanoaren kontrolpean egongo dena, eta horrek legegintza prozesu guztiak berriz abiaraziko ditu hasiera-hasieratik.

Puerto Rico 1952tik da AEBetako Estatu Libre Elkartua —1898tik dago haren menpe—, eta AEBetako Ordezkarien Ganberan ordezkari bat du. 1960ko hamarkadaz geroztik, uhartean sei galdeketa ez-lotesle egin dituzte estatus politikoaz, kasu bakoitzean galdera eta aukera desberdinekin; azkena 2020an egin zuten, AEBetako 51. estatua bilakatzeaz, eta herritarren %52,52 horren alde agertu ziren —parte hartzea %54,72koa izan zen—.

Washingtonek, ordea, ez ditu inoiz aintzat hartu emaitza horiek. Oraingoan, berriz, badirudi hala egingo duela; lege proiektuak aurreikusten du datorren azaroaren 5ean egingo dutela erreferendum hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.