Bakegileak

1.500 euroko isuna galdetu die prokuradoreak 'bakegileei', gibelapenarekin

Bost urtetik gorako kartzela zigorra eta isunak jasotzeko arriskua dute. 150 lagun inguru bildu dira Akizeko (Okzitania) Auzitegiaren parean, 'Bakea Euskal Herrian. Bederatziak errugabetu' lelopean. Epaia urtarrilaren 26an emanen dute.

Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 15a
13:47
Entzun

Hasi da dagoeneko uztailaren 23an Akizen (Okzitania) trenbidea blokeatu zuten bakegileen epaiketa. Bost hilabete beteko dira aurki uztaileko blokeatzeak egin zituztenetik: ehunka ekintzailek Ipar Euskal Herriko zirkulazioa oztopatu zuten, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatzeko. Prefetura, aurrea hartu, eta mobilizazioak eragozten saiatu zen, legez kontrakotzat joz. Horrek ez zuen ekidin, baina, Bakegileek trenbideak eta errepideak trabatzea. Frantziako Poliziak 26 ekintzaile atxilotu zituen —egun bertan utzi zituzten aske—.

Horietatik bederatzi Akize eta Baiona arteko trenbidearen blokeatzean eraman zituzten atxilo, eta hasi da auzipetuen aurkako epaiketa, Akizeko Auzitegian. Bost urtetik gorako kartzela zigorra eta isunak jasotzeko arriskua dute. Trenbidera baimenik gabe sartzea, trenen zirkulazioa oztopatzea eta ke poteak taldean lapurtu izana leporatzen diete. Prokuradoreak 1.500 euroko isuna galdegin die, gibelapenarekin.

Eguerdi aldean jendea biltzen hasi da auzitegi aitzinean; tartean, hautetsiak, talde eragileetako ordezkariak eta pertsona ezagunak. 150 inguru dira guztira, eta Bakea Euskal Herrian. Bederatziak errugabetu dioen banderola daramate. Txaloka hartu dituzte bakegileak auzitegira sartuz zihoazenean. Bertan da Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetaria, zuzenean horren berri emateko:

Abokatuek bakegile horiek errugabetu ditzaten eskatu dute aste honetan, Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuaren eta Esnalen eta Paroten «premiazko egoerak» blokatzeak justifikatzen zituela argudiatuz. Era berean, Ipar Euskal Herriko 50 bat hautetsik sostengua adierazi zieten auzipetuei, eta Frantziako Estatuaren «engaiamendurik ezak» bultzatu zituztela Bakegileak mobilizatzera.

Bake Bideko presidente Anaiz Funosasek uztailaren 23koa «ekintza zilegi» zela adierazi du epaiketa hasi aurretik. «Kargurik gabe uztea eskatzera goaz». Alice Lizagezahar Akitania Berriko EELVko hautetsi ohiak ere hitza hartu du: «Konbentzituak gara zilegi zela [blokatze ekintza]. Beraz, hori defendatuko dugu guk bururaino».

Epaiketari hasiera eman ostean, Elizagezaharrek argudiatu du Frantziaren erantzun faltagatik erabaki zutela ekintza egitea. Epaileak galdetu dio blokatzeek ea emaitzarik izan al duten. «Uste dut eragin zuela», erantzun dio hautetsi ohiak. «Esnal eta Parot askatzea nahi genuen. Lortu dugu, baldintzapeko askatasuna eman baitiete». Epaiketa aurreko hitzak ere berretsi ditu Elizagezaharrek: uztaileko ekintza «beharrezkoa» zela.

SNCFren kalte ordaina

Parte zibil gisa jarriko da SNCF tren konpainia, eta 159.000 euroko kalte ordaina eskatu du auzibidean. Beste 4.000 ere galdegin ditu, justizia gastuak ordaintzeko. Bakegileek erran dute tren konpainiaren eskaera berria «neurrigabea eta onartezina» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.