Espainia

Konstituzionala berritzeko legea onartu du Espainiako Kongresuak

Astelehenean bilduko da Espainiako Auzitegi Konstituzionala, PPren helegitea onartu ala ez erabakitzeko. Sedizio delitua ezabatzeko eta diru publikoaren erabilera bidegabearena egokitzeko lege proiektuak ere onartu dituzte gaur Kongresuan.

PSOEko diputatu batzuk hizketan, gaur, Espainiako Diputatuen Kongresuan. JUAN CARLOS HIDLGO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 15a
15:18
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresuak Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna arautzen duen legea onartu du. Gehiengo osoaren babesa lortu du lege proposamenak, PSOEren, UP Unidas Podemosen eta ERC Esquerra Republicanaren baiezko botoekin, besteak beste. Hala ere, bozkatu ahal izatea zalantzan izan da. Izan ere, PP Alderdi Popularrak helegite bat aurkeztu zuen Konstituzionalean, erreformaren bozketa eteteko eskatzeko. Gaur, osoko bilkura egin du Auzitegi Konstituzionalak, eta helegitea «urgentziaz» onartu ala ez erabakitzekoak ziren. Hau da, kongresuan lege proiektua bozkatzea baimentzea edo debekatzea erabaki behar zuten. Hala ere, astelehenera atzeratu dute bilera, eta ondorioz, Konstituzionalaren berritzea desblokeatzeko legea, eta sedizio delitua ezabatzeko eta diru publikoaren erabilera bidegabearena egokitzeko lege proposamenak bozkatu eta onartu dituzte.

Dena den, erreformak oraindik ez dira indarrean sartuko. Batetik, Senatutik igaro behar da, nahiz eta printzipioz gehiengoaren babesa eskuratuko lukeen. Bestetik, ikusteko dago asteleheneko Konstituzionalaren bilerak zer dakarren.

Konstituzionaleko epaileak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna argi eta garbi jasotzen du legeak, eta zigor penalak aurreikusten ditu betebehar hori urratzen dutenentzat. Bestetik, Auzitegi Konstituzionala berritzeko ardura duten bi organoetako batek, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nahiz Espainiako Gobernuak, epaile berriak proposatzea ez da arrazoi nahikoa izango beste aldeak proposatutakoen izendapena eragozteko. Hau da, CGPJk, berriki egin bezala, epaileak proposatzeari uko eginez gero, gobernuak bereak izendatzeko aukera izango du.

Gainera, CGPJk ez ditu bere kideen hiru bostenak ados jarri beharko bere bi izendapenak proposatzeko. Boto gehien biltzen dituzten hautagaiak izango dira organo judizial gorenak proposatuko dituenak. Asteartean da biltzekoa CGPJ, Konstituzionalerako bere bi izendapenak adosteko, magistratu kontserbadoreek eskatuta. Haien asmoa da gaur Kongresuak onartu duen erreforma indarrean sartu baino lehen —Senatuak ere onartu behar du— erabakitzea izendapenak, kideen hiru bosten ados jartzeko beharrik egon ez dadin. Izan ere, kide kontserbadore eta progresisten arteko adostasun handirik gabe egingo dute bilera. Horrez gain, organo judizial goreneko gehiengo kontserbadorea bere kideen berritzea blokeatzen ere ari da. Duela lau urte berritu behar zen, legez.

Auzitegi Konstituzionalaren bilera atzeratu izanaren arrazoia «aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko behar den denbora» da, auzitegiak azaldu duenez. Aztertu behar duten gaietako bat UPk aurkeztu dien helegitea da. Koalizioaren arabera, Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta Antonio Narvaez magistratuak ez lukete parte hartu beharko erabakia hartzeko prozesuan, «interes pertsonalak dituztelako». Hain zuzen, auzitegiaren berritzea azkartzeko proposamena indarrean sartuz gero, bi kideek Konstituzionaletik alde egin beharko lukete, eta hori gertatuko ez balitz, karguak mantenduko lituzkete. Gainera, PPk proposatutako bi kide horien agintaldiak ekainean iraungi zitzaizkien.

Tentsio handiko bilkura izan dute Kongresuan. «Eskuin politiko eta judizialak bahituta dituzte Botere Judiziala eta Konstituzionala», esan du Felipe Sicilia PSOEko diputatuak. Patxi Lopez PSOEk kongresuan duen eledunaren arabera, «demokraziaren aurkakoa» da PPren mugimendua. Popularrek ez dute bozketetan parte hartu, protesta moduan, eta «gehiegikeria parlamentariotzat» jo dute PSOEk proposatutako erreforma.

Zigor kodearen erreforma

Auzitegi Konstituzionala berritzeko neurriez gain, zigor kodearen erreforma ere onartu dute gaur. Batetik, sedizio delitua ezabatuko dute, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko, Generalitatearekin adostutakoaren ildotik. Bestetik, diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua ere moldatuko du kode berriak. Delitu horretan zigorrak bereiziko dituzte diru publikoarekin aberastu direnen eta irabazi asmorik gabe jokatu dutenen artean, 2015ean PPk zigor kodea erreformatu aurretik delituak zuen definizio antzeko batera itzulita.

Espainiako Gobernuak zigor kodearen erreforman bultzatu duen beste aldaketetako bat kargu publikoen ondasunei buruzkoa da. PSOEk eta UPk proposatu dute aberaste bidegabearen delitua sortzea. Egun, kargu publikoak derrigortuta daude beraien ondarearen aitorpen publikoa egitera, baina koalizio gobernuko indarren emendakina onartuz gero derrigorrezkoa izango dute ondarearen handitzea eta zor barkatzeen berri ematera ere, kargua utzi eta bost urtera arteko epean.

Kargu publikoak ardura publikoan izan denetik bost urtera bere ondarea 250.000 eurotik gora handitu badu, edo zorra kopuru horretatik gora murriztu badu, azaldu egin beharko du nola egin duen. Justifikatzeko modurik ez dutenen kasuan, sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxe zigorra ezarriko zaiela dio proposamenak, bi eta zazpi urte arteko inhabilitazioa ezarriko zaiela, eta isun bat ordaindu beharko dutela, aberastu diren kopurua halako hiru litzatekeena zigorrik gogorrenetan.

Gainera, Diputatuen Kongresuak abortuaren legearen erreforma ere onartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.