Diru sarrerak bermatzeko errenta

LABek salatu du DSBEaren erreforma ez dela «nahikoa» pobretzeari aurre egiteko

Abenduaren 22an bozkatuko dute lege proiektua Eusko Legebiltzarrean. Sindikatuak mobilizazioa egingo du bihar, Legebiltzarraren aurrean.

DSBEaren erreformaren kontrako elkarretaratzea, Bilbon, iragan maiatzean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi iztueta olano
2022ko abenduaren 15a
16:02
Entzun

Gaur zortzi bozkatuko dute DSBE diru sarrera bermatzeko errentaren erreforma Legebiltzarrean. Azken orduko aldaketarik egon ezean, parlamentariek aho batez onartuko dute EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako lege proiektua. LAB sindikatuaren ustez, ordea, proposatutako erreformak betikotu egiten du «pobrezia desagerrarazteko gai ez den eredu asistentzialista».

LABek salatu du «prekaritatea eta gizarte bazterketa» areagotzen dituela lege proiektu berriak, eta ez dela gai horiek «errotik eteteko». Besteak beste, lege berriak jasotzen du laguntza eskuratzeko adina 23 urtetik 18ra jaistea, errentaren zenbatekoa 727 eurotik 803 eurora igotzea, eta errolda baldintza malguagoak ezartzea. Aldaketak aldaketa, sindikatuak iritzi dio lege berriak «murriztu» egiten dituela euskal langileen eskubideak.

Gaur-gaurkoz, laguntza eskuratu ahal izateko beharrezkoa da Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan gutxienez hiru urtez erroldatuta egotea, eta salbuetsitako zenbait kolektibori baino ez zaie epe hori murrizten.

Migratzaileak ez dira kolektibo zaurgarri horietako bat, eta, LABen ustez, horren helburua da «migranteei errentarako sarbidea mugatzea». Are, sindikatuak «migrazioa kriminalizatzea»leporatu die erreformaren bultzatzaileei, lege proiektuak aurreikusten baitu atzerritarrei «kontrol espezifikoak» egitea, hala nola mugako mugimenduak kontrolatzea.

Gazteentzako baldintzetan ere, zenbait hutsegite salatu ditu sindikatuak. «Erreformaren arabera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteek egiaztatu egin beharko dute eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez modu independentean bizi direla. Gazteen Euskal Behatokiak berak adierazten duenez, EAEn bizi diren 18 eta 34 urte bitartekoen %60 baino gehiago ez dira emantzipatzen, eta, beraz, larria da lege berriak baldintza gehigarriak eskatzea gazteek DSBEa eskatu ahal izateko», prentsa oharrean azaldu dutenez.

Horiek hala, sindikatuak mobilizaziora deitu du biharko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bidez. Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo dute mobilizazioa, 11:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.