ELIZAKO ABUSUAK

Elgoibarko Udalak aho batez gaitzetsi ditu BERRIAk azaleratutako sexu abusuak

Biktimen eskura jarri ditu arretarako eta laguntzarako udal zerbitzuak, «baita behar duten laguntza ere»

Haurrentzako jolas parke bat Elgoibarren, eta, atzealdean, herriko eliza. JON URBE / FOKU
2022ko abenduaren 16a
10:11
Entzun

BERRIAk atzo argitaratutako sexu-abusu salaketak oihartzuna izan du Elgoibarko Udalean. Duela 60 urte don Andoni izeneko apaiz batek herriko zenbait haurri sexu abusuak egin zizkiela azaldu zuten biktimetako batek eta beste zenbait herritarrek.

Ikusi gehiago: Argitara atera dituzte apaiz batek duela 60 urte Elgoibarren egin zituen sexu abusuak

Hori ikusita, Elgoibarko udalbatzako talde guztiek aho batez onartu dute gertatutakoa gaitzesteko adierazpen instituzionala. «Elgoibarko herriak eta udalak indar eta irmotasun osoz gaitzesten ditu bertan argitaratutako gertakariak. Adin txikiko ikasleei egindako sexu indarkeria giza eskubideen haustura larri eta jasanezina da, eta, horrexegatik, Elgoibarko Udalak biktimen aldeko jarrera argia eta sendoa adierazi nahi du», irakur daiteke agirian. Horrez gainera, «maitasun, babes eta elkartasunik zintzoena» adierazi die udalak biktima guztiei eta haien familiei. Horien guztien eskura jarri ditu arretarako eta laguntzarako udal zerbitzuak, «baita behar duten laguntza ere».

Haurren kontrako sexu indarkeria «egitura matxistaren emaitza» dela gaineratu du Elgoibarko Udalak, eta indarkeria horri erantzuteko ezinbestekotzat jo du «erro hori kontuan duten politika publikoak garatzea». Udaleko taldeak indarkeria matxistaren biktima guztien alde azaldu dira, eta «indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko konpromisoa» berretsi dute. Are: herritarrei dei egin diete gisa horretako gertakariei aurre egiteko: «Ezin da tolerantziarik izan. Biktimak erdigunean jarri behar ditugu». Horregatik, erasotzaileek herrian tokirik ez dutela gehitu du udalak adierazpenean: «Elgoibarrek ez du horrelako eraso matxistarik onartzen».

Bukatzeko, gainerako instituzioei eskatu diete «hartu beharreko neurriak» hartzeko. «Bidelagun izango gaituzte gertakari hauei argi egiteko orduan. Justizia, prebentzioa eta erreparazioa beharrezkoak dira horrelako gertakari larriak berriro gerta ez daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.