Bigarren Mundu Gerratik izan duen gastu militarrik handiena onartu du Japoniak

Aurrerantzean, Japoniako armadak gaitasuna izango du «etsaitzat» jotzen dituen herrialdeen instalazio militarrei erasotzeko. Oposizioak kritikatu egin du erabakia.

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa, gaur, plan militar berriaren berri ematen. DAVID MAREUIL / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 16a
13:02
Entzun

Paradigma aldaketa bat abiatu da Japonian. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, Japoniak ez du izan «etsaiei» erasotzeko gaitasun militarrik, konstituzio «bakezalea» egin baitzuen. Gaur, ordea, Fumio Kishida lehen ministroak datorren hamarkadarako «defentsa» nolakoa izango den azaldu du: besteak beste, azken zazpi hamarkadatako gastu militarrik handiena izango du Japoniak, eta armadak «etsaien» base militarrei eraso egiteko gaitasuna izango du.

Japoniako Gobernuak erabaki duen defentsa planaren arabera, gastu militarra BPG barne produktu gordinaren %2koa izango da 2023 eta 2027 artean. Orain arte, BPGaren %1 baino gutxiago zegokion gastu militarrari, baina, neurri berriarekin, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideen adinakoa izango da.

Erabakiaren berritasun nagusia «kontraerasorako gaitasuna» deitu diotena da. Hau da, Japoniak gaitasun militar nahikoa izango du «etsaiei» erasotzeko, hiru baldintzarekin: Japoniari eraso egingo baliote, edo bere aliatua den herrialde bati, Japoniaren «iraupena» arriskuan jarriz; eraso bat eragozteko baliabide nahikorik izango ez balute; eta indarkeriaren erabilera «ahalik eta txikiena» izango balitz.

Aurrerantzean, Japoniako Gobernuak gaitasuna izango du beste herrialde batzuen instalazio militarrei erasotzeko, bi helbururekin: «disuasioa eta prebentzioa». Kishidak azaldu Japoniaren gaitasun militarra handitzeko erabakia hartu dutela «Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik izan den segurtasun ingururik larrienari aurre egiteko». Txinak azken urteetan gaitasun militarra nabarmen handitu izanak, azken asteetan Ipar Korea egiten ari den misil jaurtiketak eta Ukrainako gerrak ere eragina izan dute Tokioren erabakian.

Konstituzioarekin talka

Hala ere, oposizioak gaitzetsi egin du gobernuaren erabakia, eta adierazi armadaren indartzea ez datorrela bat konstituzioarekin. Izan ere, armadaren funtzio mugatuak ezartzen ditu, eta defentsara bideratuak soilik. Gainera, AEB Ameriketako Estatu Batuak arduratu izan dira Japoniaren defentsaz.

Japonia Alemania naziak eta Italia faxistak osaturiko ardatzeko kide izan zen Bigarren Mundu Gerran, eta gatazka amaitu zenean, 1945ean, aliatuek okupatu zuten uhartedia. Orduan egin zuten Bakearen Konstituzioa deiturikoa, AEBek bultzatuta. Hau dio 9. artikuluak: «Japoniako herriak betirako uko egiten dio gerrari, baita indarraren erabilerari ere, nazioarteko gatazkak konpontzeko bitarteko moduan». Hiroshiman (Japonia) eta Nagasakin (Japonia) AEBek bonba atomikoa jaurti eta bi urtera sartu zen indarrean konstituzio «bakezalea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.