Peru

Boluartek ez du presidente kargua utziko, eta bozak aurreratzeko eskatu dio Peruko Kongresuari

Herritarren %83 daude hauteskundeak 2026 urtea baino lehen egitearen alde, Peruko Ikerkuntzarako Institutuak egin duen inkestaren arabera.

Dina Boluarte Peruko presidentea, atzo, herrialdearen krisi politikoa aztertzeko Estatu Kontseiluaren bileran. LUS IPARRAGUIRRE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 17a
15:52
Entzun

Dina Boluarte Peruko presidenteak hedabideen aurreko agerraldia egin du gaur, herrialdeak bizi duen krisi politikoari buruz mintzatzeko. Azken egunetan Boluarteri agintea uzteko zenbait sektorek egin dioten eskariari erantzunez, estatuburuak erantzun du ez duela halakorik egingo. «Zer konpontzen da nire dimisioarekin? Arazoa konpontzen al da?». Boluarteren esanetan, «tinko» eutsiko dio «Kongresuak hauteskundeen aurrerapena erabaki arte».

Peruko Kongresuak baztertu egin zuen atzo bozak aurreratzeko gobernuak egin zuen proposamena. Erabakia konstituzio erreforma baten bidez gauzatu beharko litzateke, eta horrek eskatzen du ganberaren bi herenaren babesa biltzea: 87 boto, gutxienez. Bozketan 49 legebiltzarkidek egin zuten bozak aurreratzearen alde, kontra egin zuten 33k eta abstenitu egin ziren 25.

Erabakia berriz aztertzeko exijitu dio gaur Boluartek Kongresuari, «aitzakiak» eta «2026ra arte gelditzeko asmoak» alde batera utzita. Pedro Castillo presidente kargugabetua 2021ean hautatu zuten estatuburu, eta indarrean den legealdia 2026an amaituko da aurrerapenik ez bada. «Ez zaitezte itsuak izan. Begiratu herritarrei eta ekin», zuzendu zaie presidentea diputatuei. Herritarren %83k nahi du hauteskunde aurrerapen bat, Peruko Ikerkuntzarako Institutuak argitaratu berri duen inkesta baten arabera.

Krisi politikoak abenduaren 7an jo zuen goia. Castillok Kongresua desegiteko agindua sinatu zuen, ganbera haren kontrako hirugarren zentsura mozioa eztabaidatzekotan zenean. Poliziak atxilotu egin zuen handik ordu gutxira, eta Kongresuak kargugabetu. Castilloren presidenteorde zen Boluartek hartu zuen aginte makila.

Ordutik, krisi politikoan murgilduta dago Peru; egoera politiko polarizatuan, eta gutxienez 21 hildako utzi dituzten liskarren tentsioarekin. Herrialdean Castilloren alde eta Boluarteren dimisioa exijitzeko protesta jendetsuak izan dira. Abenduaren 14an eta 15ean izan dira mobilizaziorik handienak. Manifestariek bost aireportu hartzea eta dozenaka errepide moztea lortu zuten.

Peruko armadako buruzagiek gaur adierazi dutenez, militarrK eta poliziak blokeo horiek desegiten ari dira pixkanaka, baina estatuko indarren esku hartzeak kritika ugari eragin ditu nazioartean eta herrialde barruan. Kultura eta Hezkuntza ministroek dimisioa eman zuten atzo, protesten kontrako «neurrigabeko erantzunarengatik».

«Antolatutako liskarrak»

Boluartek gaitzetsi egin ditu «talde biolento» batzuei egotzi dizkien liskarrak. «Talde gatazkatsu horiei galdetzen diet zein helburu duen aireportuak hartzea, polizia etxeak erretzea. Horiek ez dira mobilizazio baketsuak». Presidenteak nabarmendu du bozketak aurreratzeko eztabaida Kongresuan dagoela eta han konpondu behar dela auzia.

Gaineratu duenez, ez ditu ulertzen berari zuzendutako dimisio eskariak. «Agindu konstituzional bat» betetzen ari dela esan du. «Akaso ez nauzue ikusi kanpaina egiten [Castillorekin batera]? Ni ere 2021eko bozetan hautatu ninduten. Ez dut hemen egotea eskatu. Pedro Castillo presidentea ahal izan dudanera arte babestu dut». Boluartek azaldu du ez dakiela zergatik hartu zuen Castillok Kongresua desegiteko erabakia.

Perun azken egunetan izan diren liskarrak «aurrez antolatuta» zeuden, Boluarteren ustez. «Talde biloento hauek ez dira bat-batean sortu». Ideia bera nabarmendu dute presidentearekin batera hedabideen aurrean agerraldia egin duten estatuko indarretako buruzagiek ere. Salatu dute taldeek herrialdearen azpiegitura kritikoei egin dietela eraso: oliobideei, gasbideei eta zentral hidroelektrikoei, besteak beste.

Ayacuchoko aireportua hartzea ere ondo hausnartutako ekintza izan dela uste du armadak. Azpiegitura horren izaera estrategikoa nabarmendu du, haren bidez ari delako gobernua poliziak eta militarrak protestak dauden tokietara bidaltzen. Errepideak moztuta eta aireportu hori erabili ezinda, estatuak ez luke gaitasunik izango mobilizazioei erantzuteko, buruzagi militarren esanetan.

Talde horiek «gutxiengo bat» direla ziurtatu dute, eta «herrialdeko arrakala soziala» baliatzen ari direla baliabide ekonomiko urriko herritarrak beren nahietara erabiltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.