Dikea luzatzearen aurkakoak aise gailendu dira Mutrikun

Bozkatzeko aukera zuten herritarren %18,1ek parte hartu dute galdeketan: 819 lagunek egin dute dikea luzatzearen kontra, eta 45ek alde.

Herritarrak bozkatzen, Mutrikun. DANBORZALEAK
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 19a
16:18
Entzun

«Dikea luzatzearen alde al zaude? Bai ala ez». Galdera horri erantzun diote Mutrikuko (Gipuzkoa) herritarrek asteburuan. 16 urtetik gorako biztanleei egin zieten parte hartzeko deia, eta horien %18,1ek parte hartu dute. Gehiengo zabalarekin nabarmendu da dikea «ez luzatzearen» aldeko aukera: 819 lagunek egin dute horren alde, eta 45ek dikea luzatzearen alde. Danborzaleak mugimendua «harro» agertu da egindako «ariketa demokratikoaz», eta udalari eskatu dio bete dezala hartutako konpromisoa: hau da, galdeketaren emaitza Eusko Jaurlaritzari bideratu diezaiola.

Danborzaleak mugimenduak nabarmendu du beharrezkoa dela herritarren parte hartzea sustatzea herriarentzat estrategikoak diren erabakietan, eta «pozik» agertu da oraingoan hala egin delako. Hala, mugimenduak eskerrak eman dizkie galdeketa egiteko prozesuan parte hartu dutenei eta botoa eman dutenei.

Ikusi gehiago: Zalantzazko babes dikea

Eusko Jaurlaritzak 2002an hasi zituen babes dikea eraikitzeko tramitazioak: hondartza eremu berri bat sortu zuten,sarbideak ezarri eta babes dikearen zati bat eraiki. 2010ean, ordea, lanak behin-behinean eten zituzten, eta, ordutik, ez da urratsik egin obraren azken ehun metroak egiteko.

Orain, baina, Jaurlaritzak lanak berrabiarazi ditu, eta aferak hautsak harrotu ditu Mutrikun. Danborzaleak mugimendua proiektuaren aurka azaldu da, hondartza eremua «pribatizatu» eta inguru naturala suntsituko duelakoan. Era berean, herrian kirol portu bat eraikitzeko lehen urratsa dela salatu dute. Hala, dikea luzatzearen inguruko galdeketa ez-loteslea sustatu dute herrian, EH Bildurekin batera.

Galdeketak PSE-EEren eta Berdeak+Independenteak udal taldearen babesa ere izan du. Bi talde horiek dikea luzatzearen aurkako botoa eskatu zuten, eta EH Bilduk, berriz, «bakoitzak libreki erabakitzeko» eskatu zuen. Hirurek bat egin zuten emaitza Jaurlaritzari helarazteko konpromisoa hartzeari dagokionez.

EAJk ez zuen hala egin. Jeltzaleen esanetan, galdeketak ez du «zentzurik». Argudiatu dute dikea amaitu beharra dagoela, egingo egoeran ez duelako «behar adina babes» bermatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.