Lehen sektorea

Foodtech funts pribatua sortu dute, lehen sektoreko enpresetan inbertitzeko

Cardumen Capitalek jarri du martxan funtsa, Basque Culinary Centerren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren parte hartzearekin

Foodtech funtsaren aurkezpena, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2022ko abenduaren 19a
17:09
Entzun

Elikagaien sektorean jarduten duten «etorkizun handiko» teknologia enpresak laguntzeko asmoarekin, Cardumen Capital arrisku kapital kudeatzaileak Foodtech funts pribatua sortu du. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren parte hartzea du proiektuak, baita Basque Culinary Centerren laguntza ere. Lehen itxieran, 2023ko martxoan, 20 milioi euro izatea espero dute, nahiz eta helburua 40-50 milioi euroko funtsa izatea den. Donostian aurkeztu dute funtsa, Tabakaleran.

Zehazki, klima aldaketaren aurka egitea helburu duten teknologiak bultzatu nahi dituzte, baita elikagaien segurtasunaren aldekoak ere. Izan ere, Gonzalo Martinez de Azarga Cardumen Capitalen bazkide sortzaileetako batek adierazi du elikagaien sektorea munduko industriarik kutsatzaileenetan hirugarrena dela, eta nabarmendu du klima aldaketaren aurka egitea helburu duten teknologiek inbertsio asko jasoko dutela datozen urteetan. Hori dela eta, Europako SFDR araudiaren 9. artikuluaren arabera, sortu berri duten funtsak «jasangarri» etiketa du.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izan dira aurkezpen ekitaldian, eta Zigor Urkiagak, Jaurlaritzaren Proiektu Estrategikoen zuzendariak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen sektoreak duen garrantzia nabarmendu du: «Euskadi bada industria, Euskadi badira labeak, badira laminazioak, baina Euskadi ere lehen sektorea da, eta hor teknologia garatzea eta bertako ahalmena ahalik eta gehien garatzea garrantzitsua da. Trantsizio garai honetan batez ere, jasangarria izan behar du aldaketak, eta horretarako ez dugu bakarrik lortu behar bertako bateriak edo berriztagarriak garatzea, baita bertako janaria ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.