Espainia

Konstituzionalak Zigor Kodearen erreformaren tramitazioa geratu du

PPren helegitea ontzat eman du Konstituzionalak. Auzitegi hori berritzea, sedizio delitua ezabatzea eta diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua egokitzea dira erreformaren ardatzak.

Pedro Gonzalez-Trevijano Konstituzionaleko presidentea, Ander Gil Senatuko presidentea eta Meritxell Batet Kongresuko presidentea, aurtengo Hispanitatearen Egunean. ZIPI ARAGON / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 19a
19:55
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki bat hartu du: Zigor Kodearen erreformaren tramite legegilea geratzea. Erreformaren parte ziren Konstituzionaleko kideak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna ezartzea, sedizio delitua ezabatzea eta diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua egokitzea. Ostegunean onartu zuen erreforma Espainiako Diputatuen Kongresuak, gehiengo osoz, PSOEren, UP Unidas Podemosen eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoekin. Erreforma, ordea, ez da indarrean sartuko. Konstituzionalak PPk aurkeztutako helegitearen alde bozkatuta, Zigor Kodearen erreforma ez dute Senatura eramango, oraingoz —goi ganbera ostegun honetan zen biltzekoa—. Ondorioz, ez da indarrean sartuko. Hau da, Konstituzionalak debekatu egin die Espainiako Gorteei auzitegiaren beraren berritzea arautzen duen legea tramitatzea, besteak beste.

Ikusi gehiago:Konstituzionala berritzeko blokeoa hausteko saioa du gaur CGPJk

Francisco Franco diktadorea 1975ean hil zenetik lehen aldiz debekatu du Konstituzionalak lege baten tramite parlamentarioa. Botere borroka bat izan da gaur gorpuztu dena: botere legegilearen eta Auzitegi Konstituzionalaren artekoa, baita Espainiako ezkerraren eta eskuinaren artekoa ere. Konstituzionala 11 kidek osatzen dute: sei kontserbadoreak dira, eta bost, progresistak. Lege erreforma indarrean sartu izan balitz, gehiengoa progresistek izango zuten.

Bide azkarra hartua zuen legearen tramitazioak. Ez zen lege proiektu bat izan —Espainiako Gobernuak Kongresuari aurkeztutakoa—, lege proposamen bat baizik: PSOEk alderdi moduan aurkeztu zuen legea, UPren eta ERCren babesarekin. Horrek ahalbidetu zezakeen Gabonen aurretik Konstituzionala berrituta egotea. Aurreko ostiralean onartu zuen legea Kongresuak, eta ostegun honetan onartuko zuen, aurreikuspen guztien arabera, Senatuak. Orduan, abenduaren 23rako legea indarrean egongo zatekeen.

Aurreko astean, ordea, PPk helegite bat aurkeztu zuen Konstituzionalean, erreformaren bozketa eteteko eskatzeko. Tramitatzeko modua «bidegabea» zela argudiatu zuten eskuindarrek. Auzitegiko kide kontserbadoreek eskatuta, helegitea «urgentziaz» aztertzeko erabakia hartu zuen Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak —kontserbadorea bera ere—. Ostegunean elkartu ziren, Kongresuko bozketa hasi baino lehen. Hala ere, Konstituzionaleko kide progresistek eskatuta, gaur arte atzeratu zuten bilkura. Auzitegiak ohar baten bidez azaldu zuen atzerapenaren arrazoia «aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko behar den denbora» zela. Zenbait hedabidek auzitegiko iturriak aipatuta argitaratu dutenez, Konstituzionaleko Fiskaltzaren eta letradu nagusiaren arabera, PPren helegitea ez zuten onartu behar.

UPk errekusazio bat aurkeztu zion aurreko astean Konstituzionalari, adieraziz Gonzalez-Trevijanok eta Antonio Narvaez magistratuak ez lukete parte hartu beharko erabakia hartzeko prozesuan, «interes pertsonalak dituztelako». PSOEk atzo antzeko errekusazio bat aurkeztu zuen. Gaur aztertu dituzten gaietako bat izan da, baina ez dituzte aintzat hartu, Konstituzionaleko sei kide kontserbadoreek ezetz bozkatu dutelako.

Izan ere, auzitegiaren berritzea azkartzeko proposamena indarrean sartu izan balitz, errekusatutako bi kideek Konstituzionala utzi egin beharko zuten. Hori gertatu ez denez, karguei eutsiko diete. Gainera, PPk proposatutako bi kide horien agintaldiak ekainean iraungi ziren. Bi kide horiek erabakian parte hartu izan ez balute, progresistek izango zuten gehiengoa Konstituzionalean.

Zigor penalak erreforman

Organo horretako epaileak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna jasotzen zuen erreformak: zigor penalak aurreikusten zituen betebehar hori urratzen dutenentzat. Bestalde, Konstituzionala berritzeko ardura duten bi organoetako batek epaile berriak proposatzea —CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nahiz Espainiako Gobernuak— ez zen arrazoi nahikoa izango beste aldeak proposatutakoen izendapena eragozteko. Hau da, CGPJk, berriki egin bezala, epaileak proposatzeari uko eginez gero, gobernuak berak izendatzeko aukera izango zuen. Gainera, CGPJk ez zituen bere kideen hiru bostenak ados jarri beharko bere bi izendapenak proposatzeko. Boto gehien biltzen duten hautagaiak izango ziren organo judizial gorenak proposatuko zituenak.

Zigor Kodearen erreformak beste bi zutabe ditu: batetik, sedizio delitua ezabatuko zuten, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko; bestetik, diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua ere moldatuko zuen. Delitu horretan, zigorrak bereiziko zituzten, diru publikoarekin aberastu direnen eta irabazi asmorik gabe jokatu dutenen artean.

«Herriaren aurkako kolpea»

Espero bezala, Konstituzionalaren erabakiak erreakzio soka ekarri du. Espainiako Gobernuko bazkide UPk deitoratu egin du Konstituzionalak Zigor Kodearen tramitazioa geratzea, baita PPk aurkeztutako helegitea onartzea ere: «Lehen aldia da Espainian eta Europako Batasunean halakorik gertatzen dela. Herriaren eta botere banaketaren aurkako kolpea da», esan du UPko talde parlamentarioko presidente Jaume Asensek, RNE irrati kateari emandako elkarrizketa batean. Konstituzionalaren erabakiaren aurrean desobedientziaren alde egiten duen galdetuta, Asensek argitu du ez dagoela ados desobedientziaren «esparruarekin»: «Epaileak dira hautetsontzietako emaitzak desobeditu dituzten bakarrak», zehaztu du.

UPren gisan, PSOEk ere gaitzetsi egin du Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta Antonio Narvaez magistratuak botoa eman izana: «Trevijanok eta Narvaezek, agintaldia iraungia duten Auzitegi Konstituzionaleko bi magistratuek, errekusazioaren aurka bozkatu dute», gogorarazi du alderdiko sozialistako Berdintasun idazkari Andrea Fernandezek. Bide horretan, ziurtatu du erabaki hori «erakunde demokratikoen gehiegikeria lazgarria» dela.

Mais Paiseko buru Iñigo Errejonek, berriz, gogor kritikatu du Konstituzionalaren erabakia, esanez «zapalketa demokratikoaren» aurka egin duela, Espainiako Gorteei «ahoa estali» dielako: «Demokrazia babestu behar dugu». Era berean, ironiaz hitz egin du Konstituzionaleko magistratuen «inpartzialtasunaz», organo horrek PPren helegitea onartu ondotik: «Lotsagarria da», idatzi du Twitterren.

Alderdi Popularreko iturriek, aldiz, esan dute Konstituzionalak hartutako erabakia «albiste ona» dela Espainiako demokraziarentzat, «herritarren eskubideak bermatzeko». Gisa horretara, PPren ustez, auzitegiak ez du izan «gobernuaren presioaren eraginik».

Ciudadanos alderdiko presidente Ines Arrimadasek txalotu egin du Konstituzionalaren hautua: «Demokraziak irabazi du, eta Sanchezek galdu. Albiste bikaina da Auzitegi Konstituzionalak PSOEren eta UPren bidea geraraztea. Gobernuak eta hura babesten duten alderdiek demokraziaren arauak onartu behar dituzte», idatzi du Twitterren.

Tramitazioa eztabaidagai

Bide azkarra hartua du erreformaren tramitazioak. Ez da lege proiektu bat izan —Espainiako Gobernuak Kongresuari aurkeztutakoa—, lege proposamen bat baizik: PSOEk alderdi moduan aurkeztu zuen legea, UPren eta ERCren babesarekin. Horrek bide eman zezakeen Gabonen aurretik Konstituzionala berrituta egoteko. Aurreko ostiralean onartu zuen legea Kongresuak, eta ostegun honetan da biltzekoa, oraingoz, Senatua. Bilduko balitz, abenduaren 23rako legea indarrean egongo litzateke.

UPk gaur azken ahalegina egin du, eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari eskatu dio auzian esku hartzeko. «Inpartzialtasun faltaren inguruan» iritzia emateko eskatu dio auzitegiari.

Konstituzionaleko epaileak berritzeko eginkizuna derrigorrezkoa izatea jasotzen du erreformak: zigor penalak aurreikusten ditu betebehar hori urratzen dutenentzat. Bestalde, Auzitegi Konstituzionala berritzeko ardura duten bi organoetako batek epaile berriak proposatzea —CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nahiz Espainiako Gobernuak— ez da arrazoi nahikoa izango beste aldeak proposatutakoen izendapena eragozteko. Hau da, CGPJk, berriki egin bezala, epaileak proposatzeari uko eginez gero, gobernuak bereak izendatzeko aukera izango luke.

Gainera, CGPJk ez lituzke bere kideen hiru bostenak ados jarri beharko bere bi izendapenak proposatzeko. Boto gehien biltzen zituzten hautagaiak izango ziren organo judizial gorenak proposatuko zituenak.

Zigor Kodearen erreformak beste bi zutabe ditu. Batetik, sedizio delitua ezabatuko zuten, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko, Generalitatearekin adostutakoaren ildotik. Bestetik, diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua ere moldatuko zuen kode berriak. Delitu horretan, zigorrak bereiziko zituzten, diru publikoarekin aberastu direnen eta irabazi asmorik gabe jokatu dutenen artean, 2015ean PPk Zigor Kodea erreformatu aurretik delituak zuen esanahi antzeko batera itzulita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.