Musika

Terry Hall The Specials taldeko abeslaria hil da

Talde ingelesa ska mugimenduak 1970eko hamarkadaren amaieran izan zuen eztandaren eragile nagusietakoa izan zen 'A Message to You Rudy', 'Ghost Town' eta beste hainbat kanturi esker.

Neville Staple eta Terry Hall, The Specials taldearen kontzertu batean. BERRIA
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 20a
11:19
Entzun

Taldeak berak eman du albistea, ohar baten bitartez. Terry Hall The Specials taldeko abeslaria hil da, 63 urterekin, eta gaixotasun larri bezain azkar baten ondorioz: «Tristezia handiz jakinarazten dugu Terry, gure lagun eder, anaia eta herrialde honek inoiz eman duen abeslari eta konpositore dirdiratsuenetakoa hil dela».

The Specials talde oso inportantea izan zen Erresuma Batuan, batik bat 1970eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, eta urte haietan piztu zen ska revival mugimenduaren ordezkari nagusietakoa bilakatu zen, The Selecter eta Madness taldeekin batera. Hain zuzen ere, taldeak Jamaikako doinuak eta punk izpiritua uztartu zituen, eta herrialdean pizten ari zen haserre sozialaren bozeramaile ere bihurtu zen.

Hall (Coventry, 1959) The Specials sortu eta berehala batu zen taldera, 1977an, eta berehala talde engaiatu gisa egin zen ezagun. Rock Against Racism mugimenduaren parte izan zen (arrazakeriaren kontrako rocka), eta The Clash taldearekin bira bat ere egin zuen urte berean, Gangsters lehen singlea (1979) argitaratu baino lehen. Urte hartan bertan kaleratu zuen taldeak bere lehenengo disko luzea, gerora klasiko bilakatu diren kantu ugari biltzen zituena: A Message To Tou Rudy, Doesn't Make It Alright —Kortatu taldeak zuzeneko emanaldietan gaztelaniaz abesten zuena—, (Dawning of A) New Era eta beste...

More Specials (1980) diskoa argitaratu ostean, 1981ean taldeak bere kanturik ezagunenetakoa atera zuen single gisa: Ghost Town. Jerry Dammers taldeko kideak idatzitako pieza horrek Ingalaterraren dekadentziaz, langabeziaz eta gazteen bazterkeriaz hitz egiten zuen, eta berehala bihurtu zen gazteriaren erreferente, batik bat urte hartan bertan arrazakeriaren aurkako protestak Erresuma Batu osora zabaldu zirenean.

Ghost Town-ek arrakasta handia lortu zuen, baina urte berean Hallek eta The Specialseko beste kide batzuek taldea uztea erabaki zuten. Ondoren, Fun Boy Three taldea sortu zuen kantariak, eta, geroago, The Colourfield. Beste hainbat proiektutan ere ibili zen Hall, eta 1994an bakarkako bideari ere ekin zion. 2008tik aurrera, gainera, The Specials taldea berriro elkartu zuten, eta lehendabizi zuzenean besterik aritu ez baziren ere, 2019an disko berri bat argitaratu zuten: Encore. Joan den urtean, berriz, XX. mendeko zenbait protesta kantu berreskuratu zituzten Protest Songs 1924–2012 diskoan.

Jarraitzaile ugari zituen Hallek, eta, esaterako, Elvis Costellok adierazi zuen haren ahotsa «The Specials-en benetako eta beharrezko abestietarako tresna ezin hobea» zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.