Espainia

Gobernuak Kongresura eramango du lege proposamen bat Konstituzionalak baliogabetutako zuzenketekin

Lege proposamen hori presazko tramitazioaren bidez egingo du PSOEk. Kongresuko Mahaiak erabaki du aurrera jarraitzea Zigor Kodearen erreformak biltzen zituen beste bi neurriekin: sedizio delitua ezabatzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua egokitzea.

Pedro Gonzalez-Trevijano, Auzitegi Konstituzionaleko presidentea artxiboko irudi batean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Paulo Ostolaza - Mikel O. Iribar
2022ko abenduaren 20a
11:24
Entzun

Espainiako Gobernuak lege proposamen bat aurkezteko asmoa du aste honetan Espainiako Diputatuen Kongresuan, Auzitegi Konstituzionalak atzo geldiarazi zituen bi zuzenketen harira, parlamentuko iturriek jakitera eman dutenez. Iturri berberek azaldu dutenez, lege proposamen hori presazko tramitazioaren bidez egingo dute, eta, horretarako, hainbat talderekin hitz egin dute dagoeneko. Horrez gain, baieztatu dutenez, PSOEk baztertu egin du CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren buruzagitza berritzeko ekimenari berriro ekitea.

Espainiako Gorteek Auzitegi Konstituzionalaren erabakia onartuko dute. Auzitegi horrek atzo hartutako erabakia aurrez inoiz hartu gabeko erabaki bat da —Zigor Kodearen erreformaren tramitazioa geratu du—, eta ziurgabetasuna nabaria da azken orduetan Madrilen. Dena den, ez dirudi legea paper errea izango denik: Senatuak bozkatu egingo du sedizio delitua ezabatzeari eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua egokitzeari buruz. PPren helegite bat tarteko, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota duen puntua da auzitegi horretako kideak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna ezartzeari buruzkoa; ez du ezer esan, ordea, beste bi neurri horiei buruz.

Ostegunean da berriz biltzekoa Senatua. Senatuko mahaia gaur goizean elkartu da, eta, hango zerbitzu juridikoek azaldu dutenez, helegiterik izan ez duten neurriekin aurrera jarraitzea erabaki dute: batetik, sedizio delitua ezabatzea, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko; bestetik, diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua moldatzea. Delitu horretan, zigorrak bereizi nahi dituzte, diru publikoarekin aberastu direnen eta irabazi asmorik gabe jokatu dutenen artean.

Francisco Franco diktadorea 1975ean hil zenetik lehen aldiz debekatu du Konstituzionalak lege baten tramite parlamentarioa. Ostegunean onartu zuen erreforma Espainiako Diputatuen Kongresuak, gehiengo osoz, PSOEren, UP Unidas Podemosen eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoekin. Erreforma, ordea, ez da indarrean sartuko. Ez bere horretan behintzat. Botere borroka bat dago: botere legegilearen eta Auzitegi Konstituzionalaren artekoa, baita Espainiako ezkerraren eta eskuinaren artekoa ere. Konstituzionala 11 kidek osatzen dute: sei kontserbadoreak dira, eta bost, progresistak. Lege erreforma indarrean sartu izan balitz, gehiengoa progresistek izango zuten.

Konstituzionalaren erabakia jakinda, Kongresuko eta Senatuko presidenteek (PSOEko kideak biak) argi utzi zuten erabakia errespetatuko zutela, baina «kezka larriz». Haien gobernukide UPk, ordea, esan du badagoela auzitegiaren erabakia desobeditzeko nahikoa arrazoi: «Demokraziaren aurkako eraso bat da hau», azaldu dute.

Interes pertsonalak

Bide azkarra hartua zuen legearen tramitazioak. Ez zen lege proiektu bat izan —Espainiako Gobernuak Kongresuari aurkeztutakoa—, lege proposamen bat baizik: PSOEk alderdi moduan aurkeztu zuen legea, UPren eta ERCren babesarekin. Horrek ahalbidetu zezakeen Gabonen aurretik Konstituzionala berrituta egotea. Aurreko ostiralean onartu zuen legea Kongresuak, eta ostegun honetan onartuko zuen, aurreikuspen guztien arabera, Senatuak. Orduan, abenduaren 23rako legea indarrean egongo zatekeen.

Aurreko astean, ordea, PPk helegite bat aurkeztu zuen Konstituzionalean, erreformaren bozketa eteteko eskatzeko. Tramitatzeko modua «bidegabea» zela argudiatu zuten eskuindarrek. Auzitegiko kide kontserbadoreek eskatuta, helegitea «urgentziaz» aztertzeko erabakia hartu zuen Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak —kontserbadorea bera ere—. Ostegunean elkartu ziren, Kongresuko bozketa hasi baino lehen. Hala ere, Konstituzionaleko kide progresistek eskatuta, atzo arte atzeratu zuten bilkura. Auzitegiak ohar baten bidez azaldu zuen atzerapenaren arrazoia «aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko behar den denbora» zela. Zenbait hedabidek auzitegiko iturriak aipatuta argitaratu dutenez, Konstituzionaleko Fiskaltzaren eta letradu nagusiaren arabera, PPren helegitea ez zuten onartu behar.

UPk errekusazio bat aurkeztu zion aurreko astean Konstituzionalari, adieraziz Gonzalez-Trevijanok eta Antonio Narvaez magistratuak ez luketela parte hartu beharko erabakia hartzeko prozesuan, «interes pertsonalak dituztelako». PSOEk, herenegun, antzeko errekusazio bat aurkeztu zuen. Atzo aztertu zituzten gaietako bat izan zen, baina ez zituzten aintzat hartu, Konstituzionaleko sei kide kontserbadoreek ezetz bozkatu zutelako.

Izan ere, auzitegia berritzea azkartzeko proposamena indarrean sartu izan balitz, errekusatutako bi kideek Konstituzionala utzi beharko zuten. Hori gertatu ez denez, karguari eutsiko diote. Gainera, PPk proposatutako bi kide horien agintaldiak ekainean iraungi ziren. Bi kide horiek erabakian parte hartu izan ez balute, progresistek izango zuten gehiengoa Konstituzionalean.

CGPJren bilkura

Hautatzea dagozkion Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko bi magistratuen izendapenaz eztabaidatzeko eta horiek bozkatzeko ezohiko osoko bilkura bat egitekoa da, gaur, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (17:00). Organo horretako kide kontserbadoreen hautagaiak Cesar Tolosa kontserbadorea eta Pablo Lucas progresista dira, eta progresistak Jose Manuel Bandres proposatzekoak dira. Hau da, bi blokeen arteko akordiorik gabe dira saioa egitekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.