San Tomas eguna

Dena prest da San Tomas eguneko azoketarako

Egitarau oparoa antolatu dute Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan. «Herritarrak kontuan hartu gabe» erabaki izana egotzi diote Bilboko Konpartsek udalari.

San Tomas eguna iaz, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 20a
11:46
Entzun

Bihar bertan mukuru beteko dira Euskal Herriko zenbait txoko baserritar trajez, taloz, txakolinez eta sagardoz. Donostia, Azpeitia, Arrasate (Gipuzkoa) eta Bilbo, besteak beste.

Donostia

Txoko guztietan egongo da posturik Donostian: Parte Zaharrean, Ibaetan, Intxaurrondon, Amara Berrian, Amara Zaharrean, Antiguan, Grosen zein erdigunean. 166 postu jarriko dituzte aurten. Begi guztiak Konstituzio plazan egongo dira seguru: urtero hara eramaten da txerria. Aurten, Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Larraxko landetxetik eramango dute Roxaito txerria. 10:00etatik 20:00etara egongo da. Axular dantza taldeak Baserritar Jantzien Lehiaketa egingo du Bulebarreko kioskoan, 11:30ean. Aurten laugarren aldia izango da txapelketa egiten dutela, baserritar janzteko aukeretan baserritar jantziaren erabilera duina bultzatzeko eta zabaltzeko asmoz.

Azpeitia

Azpeitian, goizean, azoka berezia eta txorizo eta talo postuak izango dira herriko plazan. Halaber, 10:00etan Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan. 12:00etan, herri kirol erakustaldia antolatuko da plazan bertan; Mikel Larrañaga, Iker Vicentek, Udane Ostolazak, Goenatxo III.ak eta Aimar Irigoienek hainbat lan egingo dituzte aizkoran eta harri jasotzen. Ondoren, 13:00etan, bertsolariak eta trikitilariak ariko dira: Aner Euzkitze, Ane Zuazubiskar eta Unai Agirre ariko dira kantuan, eta Xebastian Lizaso, berriz, gai jartzen. Arratsaldean, berriz, Gazteen XXI. Dantza Suelto Txapelketa egingo dute Soreasu antzokian, 18:30ean.

Arrasate

Santamasetan ere egongo da zer egin Arrasaten. Euskal pentatloi desafioa egingo da Zaldibar parkean, eta herri bazkaria Musakolako kiroldegian. 18:00etan, santamasetako dantzaldia egingo dute, Arrasateko Trikiti Eskolaren, Arrasateko gaiteroen eta Udalaxpe txistulari taldearen eskutik. 19:00etan, Txerrinsky txerriaren aurkezpena egingo dute Herriko Plazan. 20:00etan, bertso saioa eskainiko dute Alaia Martinek, Oihane Pereak, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak, Amaia antzokian. Imanol Artola Felix arituko da gai jartzaile. 22:00etan, zezensuzkoa egongo da Herriko Plazan, eta, ordu berean, Hankaz Gora-ren eta Libertad Condicionalen kontzertuak, gaztetxean.

Bilbo

Bilbon 238 postu izango dira guztira; horietatik 137tan ekoizleak izango dira. Bilboko Konpartsek egitarau bikaina antolatu dute. Haien gunean, San Nikolas elizaren inguruan, Bilboko irratien maratoiari ekingo diote, 09:00etan. Txosna 11:00etan zabalduko da. Eguerdian, gune gastronomikoa martxan jarri eta txalaparta saioa izango da. Gero, 13:00etan, bertso saioa eskainiko dute Oihana Bartra, Aissa Intxausti, Unai Mendiburu eta Asier Alcedo bertsolariek. 16:30ean, Dantza plazan ekitaldia egingo dute. 19:30ean, elektrotxarangak girotuko ditu kaleak. Ordu berean, Bilbo Kantari taldea kalejiran irtengo da Bilboko Burtsatik.

Postuak, lekualdatuta

Bilbon seguru ez dela jenderik faltako kaleetan. San Tomas eguneko azokak ez du izango urteroko itxura, baina: Plaza Barrian eta Areatzan paratu ohi dira baserritarrak. Aurten, Areatzan izango dira guztiak. Enba sindikatuak aldaketa hori salatu zuen, baserritarrak «baztertuta» utzi baitzituen udalak. Ordea, baserritarren postuak ez dira lekualdatu dituzten bakarrak. Txosnak Arriaga antzokiko atzeko plazan eta Erripako kaian —itsasadarren bestaldean— izango dira. Eta eragileek ez dute begiko izan Bilboko Udalaren erabakia.

San Tomas egunean ohi bezala, San Nikolas elizaren inguruan beren gunea prestatuko dute. Baina Bilboko Konpartsek salatu dute udalak oztopatu egin dituela jaiaren antolaketan. «Zailtasunak, mugak, murrizketak eta oztopoak» jartzea egotzi diote. Azaldu dutenez, «denona den kalea» erabiltzea baino ez dute eskatu, eta aurten ezingo dute erabili. Lekualdaketa egiteko «modua» ere kritikatu dute: «Herritarrak kontuan hartu gabe erabakitzea» eta «komunak izan beharko luketen jendeei eta interesei aurre egitea».

Horiek horrela, jai herrikoien alde egin dute konpartsakoek: «Gurea defendatzen ez badugu (baita zuena ere, guztiona) kendu egingo digute». «Bada jendea herrikoi hitza jendilajea-ren sinonimotzat hartzen duena, herriarena dela ulertuordez», erantsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.