Eusko Jaurlaritzak onartu du 54,4 milioi jartzea eskola publikoetako ikasgelak digitalizatzeko

Baliabide informatikoak erosteko, instalatzeko eta konfiguratzeko baliatuko dute dirua. Laguntzaren erdia pasatxo Next Generation funtsetatik etorriko da.

Zarauzko Orokieta eskolako ikasgela bat, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abenduaren 20a
13:14
Entzun

Eusko Jaurlaritzak hezkuntzarako zenbait diru laguntza onartu ditu gaur goizean egin duen gobernu kontseiluan. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eman du horien berri, bilera amaitu ostean Bingen Zupiria bozeramailearekin batera egin duen prentsaurrekoan. Diru gehiena ikastetxe publikoetarako baliabide digitalak eskuratzeko erabiliko dute; hain zuzen, esparru akordio bat onartu dute 54,4 milioi euro jartzeko eskolak material informatikoz hornitzeko, horiek instalatzeko eta konfiguratzeko.

Bildarratzek Hezkuntza Sailaren Eraldaketa Digitalerako Planaren barruan kokatu du erabakia. Azaldu duenez, plan horren helburu nagusietako bat da ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea. «Horretarako, beharrezko elementuak dira irakasleen prestakuntza, ikastetxeei aholkularitza ematea teknopedagogia gaietan eta digitalizazio prozesuan laguntzea. Baina baita ikasgeletan teknologia eta ekipamendu digitalak sartzea ere, irakaskuntzan, ikaskuntzan eta ebaluazio prozesuetan erabil ditzaten».

Hain zuzen, azken hori indartu nahi dute oraingoan: «54,4 milioi euroko aurrekontu aurreikuspenarekin, ikasgela digitalak osatzeko beharrezko material informatikoa eta ekipamendua erostea jasotzen du». Adibidez, pantaila interaktiboak, ordenagailu eramangarriak eta mahai gainekoak, gelako web kamerak eta tableta digitalak erosiko dituzte, besteak beste.

Ez dira hutsetik hasiko. Bildarratzek azaldu duenez, lehendik hartua duten bideari jarraituko diote. Haren hitzetan, aurten ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako gela guztiak hartuko dituzte —1.802 ikasgela—. Eta horretan segitu nahi dute goragoko mailetan ere: «Ikasgelak digitalizatzeko prozesua osatzen jarraituko da, goragoko mailetan: Lehen Hezkuntzako gainerako mailetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan». Gaur onartutako esparru akordioak bi urteko indarraldia izango du, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da. Esparru akordio honetarako bideratuko denaren %52 Europako Next Generation funtsetatik etorriko da.

Hezkuntza, pil-pilean

Hezkuntzan puri-purian dauden zenbait gairi ere heldu die Bildarratzek, kazetarien galderei erantzunez. Atzo, datorren ikasturterako matrikulazioan egongo diren aldaketen berri eman zuten, eta, besteak beste, iragarri zuten ikastetxeek ez dituztela toki gutxiegi edo gehiegi eskainiko eta diru publikoz hornitutako eskola guztiek toki kopuru jakin bat gorde beharko dutela ikasle zaurgarrientzat. Bildarratzek uste du eskola komunitate guztiak onartuta daukala ikastetxe guztiek —haien jabetza edozein izanda ere— berdin erantzun behar diotela zaurgarritasunari. Gainera, ez du sumatu «errezelorik» itunpeko ikastetxeen aldetik.

Dena den, aitortu du «kezka» badutela, «aldaketa handi bat» delako: «Guztiok daukagun bezalako kezka dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.