Kontsumoa

Ezkortasuna gizartean sustraitu dela iritzi dio Laboral Kutxak

Kontsumitzaileen konfiantza indizeak balio negatiboetan amaitu du urtea, eta %38k uste dute 2023an gutxiago erosiko dutela. Gehien okertu diren indizeetako bat aurrezteko ahalmenarena da.

Arraindegi bateko arduradun bat erreboilo bat aztertzen, Mercabilbaon. MARISOL RAMIREZ  FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abenduaren 20a
13:53
Entzun

Ez dira garai onak ekonomiarentzat, eta, ondorioz, hamar kontsumitzailetik lauk gutxiago gastatuko dute 2023an. Hori da Laboral Kutxak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaileen artean eginiko konfiantza inkestako ondorio nagusietako bat. Hiru hilean behin hartzen du lagina, eta urte hasierako baikortasuna desagertu egin da. Inflazioaren eta energiaren kostuen eraginez, aurtengo hirugarren hiruhilekoan zabalduriko ezkortasun giroa mantendu egin da laugarrenean. Dena den, ez da salbuespena, Europako Batasun osoa zabalduriko uste bat da. Are gehiago, Batasun osoa kontuan hartuz gero, giroa are ezkorragoa da.

Inkesta erantzun duten kontsumitzaileen %38k gutxiago edo askoz gutxiago gastatuko dute 2023an, eta hamartik bederatzik baino gehiagok ez dute gastu handirik egiteko asmorik (etxebizitza edo autoa erosi, altzariak edo elektrotresna handik aldatu...). Urte hasieran %13k uste zuten 2023a erosketak egiteko une egokia izan zitekeela; orain, aldiz, %6 baino ez dira. %48k, berriz, antzera gastatuko dutela uste dute, baina ahalegin horrek aurrezteko ahalmenari eragingo dio. Izan ere, 2023an aurrezteko aukerari buruz galdetzean, baikortasuna asko amildu da urtean zehar. Urte hasieran aurrezteko itxaropen handia zegoen arren —+15eko ratioa lehen hiruhilekoko inkestan—, egun -17koa da. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan -6koa zen, eta nabarmen egin du okerrera neguan. Pandemiaren gogorrenean ere ez zen egon hain apal.

Eta zergatik hain iragarpen kaskarrak? Bada, oro har ekonomiak okerrera egingo duela uste dutelako. Aurtengo hirugarren hilekoan inkestak emaniko konfiantza ratioa -22koa zen, eta gaur egun -23koa da. Alde horretatik, Europako beste herrialdeekin bat datoz: Frantzia (-20), Alemania (-27), Danimarka (-21) Espainia (-30) eta Herbehereak (-31).

Datu orokorragoen inguruan galdetuta, ekonomia orokorraren inguruko itxaropena oso apal dago (-39); aldiz, langabeziaren bilakaeraren inguruko ikuspegiak hobera egin du azken hiru hilabeteetan. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan -18koa zen; orain, berriz, -14koa da. Inkestako datu baikorrena da hori, eta bat datoz Gizarte Segurantzako afiliazioarekin, azken hiru hilabeteetan langabezia tasak behera egin baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.