COVID-19a

Gero eta zalantza handiagoak daude izurriak Txinan hildakoen kopuruaz

Agintariek jakinarazi dute zazpi pertsona besterik ez direla hil abenduaren 7an COVID-19aren aurkako neurriak arindu zituztenetik.

Herritar batzuk Shanghai hiriko kale batean, joan den astean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 20a
16:52
Entzun

Txina izan da azkeneko ia hiru urteotan COVID-19ari aurre egiteko neurririk zorrotzenak hartu dituen herrialdea. Pekinek, baina, neurriak bertan behera utzi zituen joan den abenduaren 7an. Bi aste geroago, kutsatutakoen kopurua nabarmen handitu da: iturri ofizialen arabera, 2.722 kasu detektatu dituzte gaur. Hildakoei dagokienez, atzo jakinarazi zuten abenduaren 3az geroztik bi pertsona hil direla izurriagatik, eta gaur beste bost hildakoren berri eman dute. Baina aintzat hartuta beste herrialdeetan zenbat hildako eragin izan dituen COVIDak eta herrialdeak 1.400 milioi biztanle inguru dituela, gero eta zalantza handiagoak daude Txinan izurriak azken asteetan eragindako hildakoen inguruan.

Council on Foreign Relations zentroko Yanzhong Huang osasun globaleko espezialista da, eta Reuters berri agentziari adierazi dio «hildakoen kopurua [ofiziala] kaleratutakoa baino nabarmen txikiagoa» dela. Iruditzen zaio hori gerta litekeela estatuak gaitasunik ez duelako «jarraipen eraginkorra» egiteko, behin PCR test masiboen kanpaina amaitutzat emanda. Aditu horrek pentsatzen du, bide batez, datu horiek plazaratuta Pekin beharbada «ahalegin bat» egiten ari dela herritarren artean izua areagotzea «saihesteko». Sare sozialetan ere txinatar askok plazaratu dituzte zalantzak. Beste batzuen esanetan, berriz, gobernua ez da egia esaten ari. «Estatistiketan azaltzen diren datuetatik harago, badakit azken egunetan askoz ere jende gehiago hil dela», esan du erabiltzaile batek, Weibo sare sozialean.

Azaro amaieran, azkeneko hiru urteetako neurrien aurkako protestak hedatu ziren herrialde osoan, eta, horregatik, Pekinek erabaki zuen konfinamenduak bertan behera uztea. Handiak izan ziren mobilizazioak. Gobernuaren arabera, «baldintzak» betetzen ziren neurriak arintzeko.

Eta Txinako agintariek aurrera jarraitzen dute indarrean zeuden neurrietako batzuk arintzen. Garraio Ministerioak gaur jakinarazi du eskualdeen artean garraio publikoan egindako bidaietan ez dela beharrezkoa izango PCR proben emaitzak edo «osasun kode bat» erakustea.

Bide beretik, Txinako zenbait hirik, Chongquingek eta Hangzhouk kasurako, iragarri dute COVIDarekin kutsatuta egonagatik asintomatikoak direnak lanera joan daitezkeela. Hori jaso dute hango egunkariek. Hau da, pauso bat gehiago eman dute birusarekin bizitzeko bidean.

Urteberriko oporrak

Gobernuak emandako datuen arabera, azkeneko hiru urteotan 5.237 pertsona hil dira Txinan birusaren ondorioz. Hori bai, zenbait osasun aditu ohartarazten ari dira, hedabideetan, datozen hilabeteetan hildako kopurua milioi eta erdi ingurukoa izan daitekeela. Argudiatzen dute munduko herrialde populatuenean ez dutela talde immunitaterik, 2019ko abenduaz geroztik oso ohikoak izan direlako konfinamendu masiboak, eta mugikortasuna ere oso murriztuta egon delako. Horrekin lotuta, datorren urtarrilaren 21a eta 27a bitartean Urteberria ospatuko dute Txinan, eta ospakizun horretan urteko migrazio handiena gertatzen da munduan.

Bada, gainera, beste aldagai bat kutsatze kopuruan eragin dezakeena: txertaketa tasak ez dira oso handiak adindunen artean. Xinhua Txinako agentziaren arabera, 60 urtetik gorakoen %87ktxertoaren dosi guztiak hartu dituzte. Baina 80 urtetik gorakoen kasuan, portzentajea nabarmen txikiagoa da: %66.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.