Hilberria

Haydee Gastelu hil da, Maiatzeko Plazako Amen fundatzaileetako bat

Maiatzeko Plazako Amen lehen elkarretaratzean izan zen. Zortzi hilabete lehenago desagertu zen haren semea; 25 urte beranduago jakin zuten Fatimako sarraskian hil zutela.

Haydee Gastelu, erdian, Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko bi kiderekin. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 21a
11:53
Entzun

1977ko apirilaren 30a, osteguna. Egun hartan, Videlaren diktadurapean (1976-1983) desagertutakoen hainbat ama elkartu ziren Buenos Airesko Maiatzeko Plazan. Han zen Haydee Gastelu; hura izan zen Maiatzeko Plazen Amen Elkarteko fundatzaileetako bat. Argentinako Giza Eskubideen Idazkaritzak haren heriotzaren berri eman du. «Erresistentziaren, memoriaren eta borrokaren eredua». Hebe de Bonafini elkarteko presidentea «etxez aldatu» eta hilabetera zendu da Gastelu.

Maiatzeko Plazako Amen lehen elkarretaratzea baino zortzi hilabete lehenago desagertu zen haren seme Horacio, 1976ko abuztuaren 20an. 25 urtez izan zen haren atzetik, jakin arte Fatimako sarraskian hil ziotela semea. Hain zuzen, abuztuko egun hartan 30 gorpu agertu ziren Fatima herrian. Lehendabizi bost biktima identifikatu zituzten, eta urte asko igaro arte ez zuten lortu beste hamasei identifikatzea; tartean, Horacio.

«Haren hilotza berreskuratzeak ekarri zizun bake eta zorion apur bat», adierazi du Maiatzeko Plazako Amen Elkarteak. «Zure bihotz handiak ama askoren eta askoren lagun egin zintuen», gehitu du.

Amak Maiatzeko Plazan elkartzen hasi ziren, seme-alabak etxean bizirik nahi zituztela aldarrikatzeko. Poliziak ukatu egiten zien manifestariei plazan bertan plantatzea; ondorioz, Maiatzeko Piramidearen bueltan ibiltzen ziren. Emakumeen asteroko ibiliak giza eskubideen aldeko eta diktaduraren aurkako sinbolo bihurtu ziren. Ilea zapi batez estalita, ostegunero elkartzen ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.