Albistea entzun

Urteko hitza

'Zorioneko' eta 'Ukraina' dira 2022ko hitzak, BERRIAko euskara taldearen iritziz

Hilabete bakoitzeko hitz bat aukeratu du taldeak. Proposatu zureak sare sozialetan, '#2022kohitza' traolarekin.

Uxue Rey Gorraiz -

2022ko abenduak 26 12:13

Gauza mordoa kabitu da urte bakarrean: milaka gertaera, erreakzio, lorpen, ustekabe eta kontu imajinaezin izan dira. Ezinbestean, BERRIAk hitzen bitartez kontatu ditu horiek guztiak, urtarriletik abendura. Ohi denez, urtea bere hondarrean delarik, BERRIAko euskara taldeak atzera begirakoa egin du, eta urteko hitzen bilduma osatu du hala, hilabete bakoitzari bana emanez. Hautaketa ikusirik, bistakoa da, adibidez, 2022an gatazkek eta termometroek emandako zeresana. Baita euskarak urteari jositako jantzia ere.

Bakarra aski ez, eta bi dira aurten urteko eleak. Zorioneko eta Ukraina dira 2022ko hitzak, euskara taldearentzat. Aranzadi zientzia elkarteak azaroan iragarritako aurkikuntzagatik aukeratu dute zorioneko; otsailean piztu zen gerrarengatik, berriz, Ukraina.

Azaroaren 24an eman zuen Aranzadik Irulegiko Eskuaren berri. Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena da aurkitu dutena, K.a. I. mendekoa: sorioneku. Zorioneko-rekin lotu dute. Ordutik, BERRIAk erreportaje, elkarrizketa eta analisi ugari argitaratu ditu idazkunari buruz.

Halaber, otsailetik, BERRIAk ez dio utzi Ukrainako gerrari buruzko kazetaritza lanak argitaratzeari. Hainbat adituk aurreikusten zuten gerra motza izanen zela Ukrainakoa, baina, hilabeteek aurrera egin ahala, gero eta argiagoa da oker zirela. Gerrak erdiz erdi eragin die ez soilik Ukraina eta Errusiari, bai eta munduko beste herrialdeei ere. Oraindik ere, badirudi urrun dela gatazkaren amaia.

Halaber, BERRIAko euskara taldearen esanetan, beste arrazoi bat ere bada Ukraina 2022ko hitz izendatzeko. Gaia guztion ahotan izanik, herritar askok aurten jakin dute Ukraina dela herrialdeari euskarazko forma estandarrean deitzeko manera: ez Ukrania, Ukraine, ez eta Ucraïna ere.

Urtarrila: lehen mailako arreta

COVID-19aren pandemiak erdiz erdi pitzatu zuen lehendik ere hauskorra zen osasun sistema, eta lehen mailako arreta izan zen kaltetuenetako bat, nabarmen. Batik bat baliabide eskasiagatik eta izurriteak ekarritako lan gainkargagatik, lehen arretako langileak ezinean aritu ziren hilabeteetan –problemak konpondu gabe segitzen du gaur egun ere–, eta baldintzak hobe zitezela eskatzeko aldarriek goia jo zuten 2022ko lehenbiziko hilabetean. Urtarrilean 23an protesta handiak egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzako ehunka langilek ez ezik, protestarekin bat egin zuten, besteak besteak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Bizitzak Erdigunean koordinakundeak, Osatzen-ek, Osaldek, Efekezek, Lehen Arreta Arnasberritzen taldeak, EH Bilduk eta Ezker Anitzak.

Otsaila: gerra

Errusiaren eta Ukrainaren arteko tentsioa abiada bizian gaiztotu zen 2021eko hasiera-hasieran, eta otsailean hasi zen gerra; guda 24an hasi zela zehaztu dute gehienek. Ordutik, eta lehenbiziko asteetan batik bat, bi herrialdeen arteko gatazkari loturik izan dira mundu osoko herritarren begiak; kazetarienak, are gehiago. BERRIAk sakon egin zuen gerraren kontakizuna, baita hurbiletik ere. Besteak beste, Ukraina eta Polonia arteko mugan izan zen BERRIAko zuzendariorde Amagoia Mujika Tolaretxipi, gerratik ihesi ari ziren errefuxiatuen igarobidean.

Otsailetik aitzina ere, BERRIAk etenik gabe erreparatu dio gerrari. Edukiak bilduma honetan daude jasoak: Gerra Ukrainan

Martxoa: korridore humanitario

Bi arrazoi nagusirengatik da korridore humanitario 2022ko martxoko hitza. Atzerrian eta Euskal Herrian, errefuxiatuentzako igarobideek bietan eman zuten zeresana. Batetik, Ukrainako gerraren eraginez, zibilak gatazka zonetatik ateratzeko korridoreak irekitzea erabaki zuten agintariek. Moskuk eta Kievek martxoaren 3an adostu zuten, lehenbiziko aldiz, korridore humanitarioak zabaltzea. Ordutik, hainbatetan ireki ziren bide horiek; ordea, horien gaineko eztabaidarik ere izan da geroztik. Besteak beste, Ukrainako Gobernuak sarri egotzi zion Kremlini korridoreak blokeatu izana.

Bestalde, Euskal Herrian, martxo hasieran Bidasoa ibaian migrante bat desagertu izanak ekarri zuen korridore humanitario hitza herritarren ahotara. Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egin zuen Behobiako zubiaren bi aldeetan, martxoaren 14an. Horretan, aldarrikatu zuten «denentzako» bide seguruak behar direla. «Bide seguruek ez dituzte pertsonak desagerrarazi edo hiltzen; bai, aldiz, kontrol arrazistek», salatu zuten.

Apirila: Korrika

Hitzekin lelopean, martxoaren 31n Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian bukatu zen 22. Korrika. Hasiera-hasieratik eta amaierara arte, BERRIAk zuzeneko kontakizuna egin zuen bideo bidez, bai eta egunero hitzez eta doinuz kontatu ere.

Ikusi gehiago: Honela eman zuen BERRIAk Korrikaren berri

Karmele Jaiok idatzi eta irakurri zuen 22. Korrikako lekukoan joandako mezua. «(...) Eta etiketen garaian, ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri. Hizkuntza bat egunero hasten delako, egunero berritzen delako. Hizkuntza bat ez delako jaiotzen, egin egiten delako».

Maiatza: zelatatu

Apirilaren erdialdean hasi ziren ozentzen Pegasus auziaren gaineko salaketa eta erreakzioak, baina maiatzean egin zuen eztanda iskanbilak. Lehenik, azaleratu zen Pegasus programaren bidez 60 bat buruzagi independentista espiatu zituztela; Euskal Herrikoak eta katalanak tartean –Pegasus espioitza sistema estatuetako gobernuek soilik eskuratu dezakete–. Maiatzean, Espainiako Gobernuak salatu zuen Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen sakelakoak ere zelatatuak izanak zirela. Auziak ondorio ugari ekarri zuen ondotik. Esaterako, Madrilek kargugabetu egin zuen CNIko zuzendaria.

Ekaina: sute

Suak hartu zuen joan den ekaina. Batik bat beroaldiagatik, sute mordoa izan zen hilabete horretan, Nafarroan batez ere. Datuek ematen dute hondamendiaren neurria: 14.500 hektarea inguru kiskali zituen suak; herri anitzetan —hamahiru hustu behar izan zituzten—, udalerriko ia lur guztiak erre ziren: milaka hektarea alor (ia 2.300), milaka hektarea mendi baso eta zuhaixka larre (7.600), milaka hektarea zuhaizti (4.500).

Ikusi gehiago: Nafarroako suteak, iruditan

Kalteei aurre egin eta berriz horrelakorik ez gertatzeko, diru bilketa antolatu zuen Errigora herri ekinaldiak handik gutxira: Lurra, sua, ura, herria. Hain justu, abenduan jakinarazi dute zenbat diru bildu duten kanpainaren bidez: 85.000 euro lortu dituzte. Lehen 10.000 euroak Errigorak jarri zituen, eta herritarren ekarpenez lortu da gainerakoa.

Uztaila: bero sapa

Azken 50 urteetako uztailik beroena eta idorrena izan da 2022koa. Bero olde ugari izan ziren Euskal Herrian, eta termometroek ordura arteko markak hautsi zituzten zenbaitetan; 43 graduko tenperaturak gainditu ziren zona batzuetan. Gainera, biktimak ere izan ziren bero saparen ondorioz: Amoroton, gizonezko bat zendu zen beroagatik. Hala, tenperaturetan ez ezik, prezipitazio mailan ere muturreko datuak erregistratu ziren uztailean. 2000. urtetik euri egun gutxien duen uda izan da aurtengoa: 18,2 litro baino ez zituen bota ekainean eta uztailean, Gasteiz ondoan dagoen Forondako neurgailu meteorologikoaren arabera. Datuok are gehiago bistarazi zuten klima larrialdiaren neurria.

Abuztua: ziztada

Ziztada da abuztuko hitza, BERRIAko euskara taldearen iritziz. Ziztada horrek, dena dela, ez du ikustekorik liztorrarenarekin, ez eta txertoekin ere. Aurtengo udan, hedabideek sarri eman behar izan zuten ziztada bidezko eraso matxisten berri. Euskal Herrian ehunka emakumek salatu zuten, jai giroan batik bat, ziztada bat pairatu izana. Eraso horien inguruan nola jokatu zehazteko, hainbat protokolo aurkeztu zituen administrazioak. Halaber, abuztutik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzari bidalitako barne agindu baten arabera, poliziek genero arrazoiengatik egindako gorroto delitu gisa gorde dituzte emakumeei egindako ziztada salaketak.

Iraila: gasbide

Gas horniduraren eskasia izan da Ukrainako gerrak batik bat Europari ekarritako kalte handienetako bat. Are, gas falta nabarmen larriagotu zuen Nord Stream 1 gasbidearen itxierak. Auzia irailean gaiztotu zen gehien. Orduko hartan, konponketa lanak egin behar zituela eta, Errusiako konpainiak erabaki zuen abuztuaren 31tik irailaren 2ra ez zuela gasik bidaliko Baltikoko gasbidetik; epe hori gainditu aurretik, Moskuk luzatu egin zuen etenaldia, noiz artekoa izan zen zehaztu gabe. Eskasiak nabarmen garestitu zuen gasa: %30.

Halaber, BERRIAk ondutako Nord Stream 2 gasbideari buruzko infografia egunkariko mugetatik atera da nabarmen, nazioartera. Wikipediako beste 11 hizkuntzatan erabili dute BERRIAren grafikoa, Euskarazko Wikipediatik hartuta. Munduko hizkuntza nagusiak daude horien artean: txinera, ingelesa, frantsesa, portugesa, eta errusiera eta ukrainera ere bai. Euskaraz irakur litezke herrialdeen izenak orrialde horietan.

Urria: euskal selekzioa

Urrian, EAJk eta PSOEk akordioa lortu zuten Kirolaren Legearen inguruan. Legean, jasota dago «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera. Hori gauzatzeko ezinbestean bete beharreko baldintzak ere bilduta daude: «Sustrai historikoak» izatea, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzea eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortua izatea. Aukera horrek zirrikitu bat zabaldu du euskal selekzioan Iparraldeko eta Nafarroako kirolariak sar daitezen.

Argirako bidea eman dezaketen zirrikituak zabalduta ere, aukera ireki bezain laster bistarazi ziren albo kalte posibleak ere. Kirolaren Legeak beste hainbat gauza arautzen ditu: Zehazten du zer zigor jarriko zaien kirolariei Espainiako selekziora joateari uko egiteagatik. 98. artikuluan zehazten da «arau hauste larritzat» joko dela, besteak beste, «arrazoirik gabe selekzio nazionalen deialdiei uko egitea». Arau hauste larrientzako 3.000 eta 30.000 euro arteko zigorrak jasotzen dira.

Azaroa: Irulegiko Eskua

Euskal Herrian aurten egin den aurkikuntza arkeologikorik entzutetsuena izan da Irulegiko Eskua. Aranzadi zientzia elkarteak eman zuen horren berri, azaroaren 14an. Eskuin esku baten forma du, brontzezkoa da, eta lau lerroko inskripzio bat dauka, hizkuntza baskonikoan idatzia; orain arte hizkuntza horretan agertu den idazkunik zaharrena eta luzeena da. Sorioneku da lehenbiziko hitza, idazkia egungo euskararekin zuzenean lotzen duena. Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariak ikertu du, beste batzuekin batera, Irulegiko Eskua delakoa: «Ematen du hizkuntza asko aldatu dela, eta ematen du ez dela batere aldatu»

Ikusi gehiago: Irulegiko Eskuaren aurkikuntza, irudi bidez kontatua.

Abendua: bertso

Bertsoa izan da 2022ko udazkenaren soinu banda. Irailaren 24an hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta abenduaren 18an bukatu. Estreinako aldiz, finala Iruñeko Nafarroa Arenan izan zen, eta, hirugarrenez, Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela. Aldarriz josi zituen bertsoaldi gehienak, eta hori zuen xede, finalaren biharamunean BERRIAri eginiko adierazpenetan azaldu zuenez: «Garaiari eta lekuari erantzun beharko liokeen bertsogintza bat da txapelketa».

Lujanbio ez ezik, BERRIAk beste zazpi finalistak ere elkarrizketatu zituen Iruñeko finalaren biharamunean: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Ikusi gehiago: Bertsolari Txapelketa Nagusia

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hiru lagun Lezetxikin, urtarrilaren 28an, AHTaren tunela atzean dutela. ©Besaide mendi elkartea

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute

Paulo Ostolaza

Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu diren lekua da Arrasaten (Gipuzkoa) dagoen kobazulo hori. Arrasate inguruko espeleologia zaleen talde batek egin du salaketa.

Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Nazioartean bilatzen ari dira Donostian «lapurturiko» umea

Berria

Foru Aldundiaren tutoretzan ordu batzuk zeramatzanean eraman zuten haurra. Ama biologikoak eraman zuela uste dute

Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Eraso homofobo bat salatu dute Barakaldon

Berria

Barakaldoko Udalak jakinarazi du asteburuan izan zela erasoa. Elkarretaratze bat egingo dute bihar.

Bidaiari batzuk, Donostiako autobus geltokian. ©GOTZON ARANBURU

Ibilbide luzeko autobusak doakoak dira jada Hego Euskal Herrian ohiko bidaiarientzat

Jone Arruabarrena

Bidaiariek fidantza bat ordaindu beharko dute, eta gutxieneko bidaia kopuru bat egiten dutenean itzuliko zaie dirua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.