Jaiak

Itzuli da San Tomas, beti bezain jendetsu

Bi urteko etenaldiaren ostean, giro paregabearekin ari dira ospatzen San Tomas eguna Bilbon, Donostian, Azpeitian eta Arrasaten.

Areatzako postuak San Tomas egunean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 21a
12:40
Entzun

Jendea gainezka, eta jairako gogoa ere bai. Batek baino gehiagok sumatuko zuen San Tomas jaiko urteroko irudiaren falta: taloak jateko ilarak, sagardo botilak eskuan, baserritar trajeak soinean... Luze jo du bi urteko etenaldiak, baina atzean utzi dute hura Bilbon, Donostian, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Arrasaten (Gipuzkoa).

Giro ederra dago, gainera. Postutik postu dabil jendetza Bilbon. «Igartzen da bi urtean ez dela azokarik egon», esan dio Hodei Villalba Muskizko (Bizkaia) ekoizleak Olatz Silva BERRIAko kazetariari; Bilboko kaleetan dabil Silva, San Tomas egunekoak jasotzen. Areatzan eta Arriaga antzoki atzean dira gaur ekoizle guztiak, 238 postutan. Hala, aurretik inoiz ikusi gabekoa: Plaza Barria, hutsik. Urtero han ere bildu ohi dira nekazari eta ekoizleak; aurten ez, ordea.

«Beti egon gara Areatzan, ea datorren urtean zerbait egiten den hau aldatzeko», azaldu dio Nieves Aurrekoetxea talogileak BERRIAri. Udaletxetik hurbil dira talogileen postuak. Sopuertako (Bizkaia) Lezamako Etxetik joan diren ekoizleak ere ez dira konforme lekualdaketarekin: «Egun ona da salmentetarako, baina toki aldaketak ez digu mesederik egiten. Jendeak ez gaitu aurkitzen».

Donostian ere ez da jenderik falta. 166 postu jarri dituzte hiriburuan, auzoz auzo. Baina Konstituzio Plaza izango da, ziur asko, arreta handiena eskuratuko duena. Bertan da Roxaito txerria, 200 kilokoa. Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Larraxko landetxetik eraman dute; 20:00ak arte egongo da. Donostiakoak ere jasotzen ari da Amaia Jimenez kazetaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.