Espainiako Kopa

Osasunak eta Realak ez dute huts egin

Alavesek ere aurrera egin du, baina Eibar eta Arenas kalean gelditu dira

Kike Garcia, sartu dituen bi goletako bat ospatzen. ABEL ALONSO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 21a
23:30
Entzun

Aparteko deskalabrurik ez Espainiako Kopako bigarren kanporaketan. Ez, bederen, gorengo mailako euskal taldeei dagokienez. Realak eta Osasunak erraz gainditu dituzte beren kanporaketak. Txuri-urdinek aise gainditu dute Coria (0-5), eta gorritxoak antzera moldatu dira Arnedoren aurka (1-3). Alavesek ere aurrera egin du, Merida garaituta (0-1). Aldiz, Eibar eta Arenas Getxo bidean geratu dira. Armaginek kolpea hartu du Eivissa Pitiusasen zelaian (1-0), eta getxoztarrek Valladoliden aurka galduta agurtu dute Kopa (1-5).

Realak ondo berrekin dio lehiaketa ofizialari. Donostiarrek arazorik gabe menderatu dute Coria, itxura eskaseko soropil batean. Imanol Alguacilek talde ona zelairatu du, ohiko hamaikakoaren egitura mantenduta. Prestatzaile oriotarrak helburu argia zuen: neurketa ahalik eta bizkorren bideratzea.

Jokalariek berehala baliatu dute teknikariaren planteamendua. Robert Navarrok laugarren minutuan aurreratu ditu bisitariak, Momo Choren pase bat probestuta. Hamabi minutu geroago, Chok berak handitu du errenta. Jokalari frantziarrak buruz sareratu du Igor Zubeldiak egindako jaurtiketa bat. Lesioaren ostean, bizi itzuli da aurrelaria.

Txuri-urdinek kontrolpean izan dute partida, une oro. Nabaritu egin da talde baten eta bestearen arteko aldea, eta estutasunik gabe gainditu dute kanporaketa. Atsedenaldiaren atarian berretsi dute hori, Brais Mendezek penaltiz hirugarren gola egin duenean. Realak lanak eginak zituen atsedenaldirako, baina neurketa biribildu du bigarren zatian, Jon Karrikaburuk egindako bi golei esker. Baztandarrak 74. eta 80. minutuetan sareratu du baloia.

Osasuna ere nahi bezala aritu da, eta lehen zatian erabakita utzi du neurketa. 1-3 gailendu dira Arnedoko Sendero zelaian. Arnedo ahal bezala aritu da defentsako lanean, bere zelaitik atera ezinda, baina 8.minuturako aurreratu da Osasuna. Lekuz kanpo harrapatu ditu atzelariak Roberto Torresek, eta Kike Garciak sareetara bidali du baloia. Berehala zapuztu dira errioxarren ametsak, eta hurrengo minutuan bigarrena egin du Ruben Garciak, areaz kanpotik jotako zartako bikain batekin.

Lehen bi golen ostean ahaleginak egin ditu Arnedok Sergio Herreraren ate ingurura iristeko, baina aurrera emandako pauso bakoitzean Osasunaren aukera bat iristen zen kontraerasoan. Hala egin du hirugarrena Kike Garciak.

Bigarren zatian askoz hobeto aritu dira etxekoak. Osasunak aldaketak egin ditu, eta nagusitasuna galdu du zelaian. Arnedok lotsarik gabe egin du aurrera, eta gola egitea lortu du Guillermo Ameliviak. Golak hauspoa eman die errioxarrei, baina markagailuan gerturatzen saiatu badira ere, bi taldeen arteko aldea gehiegizkoa izan da etxekoentzat.

Eibar eta Arenas, kalera

Eivissa Pitiusasek ezustekoa eman du, eta kopatik kanpo utzi du Eibar. Garitanorenek 1-0 galdu dute. Arenas ere ez da ostiraleko zozketan izango. Getxoztarrak aurreratu egin dira, baina Valladolidek berehala irauli du markagailua. Alavesek, berriz, nahikoa izan du Salva Sevillaren gola Merida kanporatzeko. Bihar azken euskal taldearen txanda izango da. Gernikak Celta hartuko du etxean, eta ametsa egi bihurtzen ahaleginduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.