Ekialde Hurbila

Palestinan enbaxada bat duen munduko lehen herrialdea izango da Txile

Gabriel Boric presidenteak iragarri du agintaldi honetan enbaxada bihurtuko duela gaur egun Txilek Palestinan duen negozioetarako ordezkaritza.

Gabriel Boric Txileko presidentea, astelehenean, feminizidioen aurkako ekitaldi batean. TXILEKO GOBERNUA - EFE
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 22a
11:54
Entzun

Gabriel Boric Txileko presidenteak iragarri duenez, agintaldi honetan Txilek enbaxada bat izango du Palestinan. «Sufrimenduen aurrean, ezin gara protokolora mugatu. Hitzek soilik ez dute balio. Gobernu gisara Palestinan daukagun ordezkaritza mailaz igoko dugu, eta, negozioetarako ordezkaritza bat izan ordez, enbaxada bat izango da, lurralde horrek merezi duen maila aitortuta», arrazoitu du. Boricek aurten hartu du kargua, martxoan, eta 2026an amaituko du agintaldia.

Palestinan enbaxada bat duen munduko lehen herrialdea izango da Txile, gaur egun ez baitago horrelakorik. Zenbait herrialdek Jerusalemen jarri zuten Israelen duten enbaxada (AEB, Guatemala, Honduras eta Kosovo), Donald Trumpek AEBetako presidente zela egin zuen urratsari jarraituz, baina Txilek iragarri duena Palestinan izango duen enbaxada bat da.

Oraingoz, kontsulatuak daude soilik Palestinan, 11 herrialdetakoak zehazki: Dominikar Errepublika, Eslovakia, Guyana, Honduras, Hungaria, Indonesia, Malaysia, Malta, Polonia, Sri Lanka eta Txekiako Errepublika. Gainerako herrialdeek ordezkaritzak dituzte, Txilek bezala.

Ekialde Hurbiletik kanpoko palestinar komunitate handiena

500.000 baino gehiago dira Txilen bizi diren palestinarrak eta horien ondorengoak gaur egun, eta Ekialde Hurbiletik kanpo palestinar komunitate handiena duen herrialdea da. Hain zuzen ere, Txilen bizi diren palestinarrek sortu zuten klub batean iragarri du Boricek enbaxada berria, Palestinarren Klubean, Santiagon. Klub horrek izen bereko futbol talde bat du, eta ohikoa da jokalariek Palestinako bandera ateratzea.

«Gaur hemen, Palestinarren Klubean egonda, ezin dugu ahaztu legez kanpoko okupazio bat jasaten ari den komunitate bat, erresistitzen ari den komunitate bat, eskubideak eta duintasuna egunero bortxatzen dizkietela ikusten duen komunitate bat. Ez da bidezkoa, eta esan beharra dago», adierazi du Boricek. Palestinarren komunitateak eskertu egin du Boricen iragarpena, eta agintaldi oparoa opatu dio.

Israelekin, harremanak tenkatuta

Kargua hartu zuenetik, ez da lehen aldia Boricek Palestinako gatazkan beste herrialde batzuek ez bezalako jarrera sendoa erakusten duena. Irailean, bertan behera utzi zituen Israelek Txilen duen enbaxadorearen kredentzialak, nerabe palestinar baten hilketagatik. Bi herrialdeen arteko harremanak tenkatu egin ziren, eta Txilen eskuinak hori baliatu nahi izan zuen presidentearen irudia higatzeko.

Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren arabera, 2022. urtea aspaldiko odoltsuena izaten ari da Israelek okupatutako lurraldeetan. Berrehundik gora palestinar hil ditu Israelek, eta abenduan soilik hamarretik gora dira hildakoak; azkena, joan den astean. Tartean, 45 umetik gora hil ditu Israelek, eta Tor Wennesladen Israel eta Palestinarentzako Ekialde Hurbileko Bake Prozesurako erakundearen koordinatzaile bereziak salatu du hildako heldu asko ez zirela mehatxu Israelgo soldatu eta polizientzat.

Iragan hilabetean 75 urte bete ziren NBEk bi estatu sortzeko plana onartu zuenetik, eta Wennesladenek panorama beltza aurreikusi zuen: haren ustetan, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «borborka hastear» dago. Israelek legez kanpoko koloniak ezartzen jarraitzen du, eta Zirjordanian soilik aurten 4.800 etxe eraiki ditu kolonoentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.