Hegazti gripea

ELB : «Hegaztiak kanpoan uzteko hautua egin dugu, zigorrak badira ere»

Hegazti gripearen itzulera dela-eta, ELB laborari sindikatuak kanpoko hazkuntza defendatzen segituko du. Frantziako Laborantza Ministerioak plantan jartzen dituen neurrien “zentzugabekeria” salatu dute. 

Irisarriko ahate hazkuntza bat. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2022ko abenduaren 22a
19:31
Entzun

Hegazti gripearen aurka, ahateen eta oiloen kanpoan haztearen aldeko aldarria egin du berriro ere ELB laborarien sindikatuak. Gripea ez da oraino iritsi Ipar Euskal Herrira, baina, Loira Atlantikoa (Bretainia) eta Vendee (Frantzia) departamenduetan agertutako gaixotasunak hegoalderako bidea hartuko duelakoan, Laborantza Ministerioaren presioa jasaten ari dira hazleak hegaztiak barrura sar ditzaten. Neurri horren «eraginkortasun falta» salatu du ELBk, eta uko egingo dio betetzeari: «Hegaztiak kanpoan uzteko hautua egin dugu, zigorrak badira ere».

ELBren arabera, «fauna salbaiak eragiten dituen gaixotasunaren abiaguneak %0,3 dira soilik». Kabalak kanpoan haziz gero, kalitatezko bizia proposatzen diete, hazleei bezala. Horrela, kalitatezko produktua proposatzen ahal diote kontsumitzaileari. Horrez gain, Pettan Prebende oilo eta uso hazleak ziurtatu du ELBk defendatzen duen hazkuntzak eritasunari ihardukitzeko ahalmena ematen diela hegaztiei.

Errua, industriarena

ELBk lobby industrialak dauzka hegazti gripearen erantzuletzat. Hazkuntza eredu industrialean lan banaketa bidez antolatzen dira, ahateak etxalde industrial batetik bestera bidaliz. Hegaztiak garraiatzeagatik hedatzen da birusa. «Datozen egunetan gure eremura iristen bada, ez da fauna salbaiagatik iritsiko, leku kutsatuetatik datozen kamioiengatik baizik», gaitzetsi du ELBk. Prefekturak neurriak har ditzala eskatu du, kamioi horien pasabidea debekatzeko.

Horrez gain, eredu industrialek azkar loditzen diren ahateen eta oilaskoen selekzioa egin dute; horiek gaixotasunekiko erresistentzia apalagoa dute: ez dute lortzen hegazti gripeari aurre egitea. Alta, «Frantziako Laborantza Ministerioak, urtero, kanpoko hazleak jotzen ditu eritasunaren hobenduntzat» dio Patrick Dagorret kriaxera arrazako ahateen hazleak. Salatu du hazleek ikerketak eskatzen dituztenean ez dutela inoiz berririk jasotzen, hala nola txertoari buruzko ikerketena. «Txertoari buruz ez dute ezer entzun nahi, beste herrialde batzuetarako esportaziorik ezin izango litzatekeelako egin, oilaskoa asko esportatzen da. Orduan, nahiago izan dute hegaztiak barnera sarrarazi, guretzat aterabide bat ez bada ere» dio hazleak. «Interes ekonomikoek garrantzi handiagoa du haien begietan, interes sanitarioak baino. Guk, etxalde txikiok, pisu ekonomiko txikia dugunez, gure existentziak bost axola die» gehitu du Agnes Sallaberrik. Sindikatuak etxalde eta produkzio moldeen azterketa bat egin dadin nahi du, etxalde bakoitzari egokitua zaion neurria jartzeko.

Hazleak, presiopean

Gaur egun, Ipar Euskal Herrian hegazti gripea iritsi ez bada ere, hazleek DDPP Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzako ikuskarien kontrolak jasaten dituztela salatu du sindikatuak. Ikuskariek hegaztiak kanpoan aurkitzen badituzte, gutun bat bidaltzen diete hazleei betebeharrak errespetatzeari uko eginez gero prozedura judizial bidez segituko dituztela mehatxatuz.

Presioagatik hazle gero eta gutxiago daudela gaitzetsi du sindikatuak. «Alta, bezero asko daude», erran du Agnes Sallaberri ELBko kideak, «legeak aplikatzeko ezintasunak frenatzen ditu». Arazoari bakarturik aurre egitea zaila dela adierazi, eta kanpoko hazkuntzan ari den edozein hazleri esan dio ez dagoela bakarrik. Kolektiboki gauzak egin daitezkeela ondorioztatu du Sallaberrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.