Lan gatazkak

Siemens Gamesan borondatez enpresa uzteko baldintzak hitzartu dituzte

Gutxienez 30.000 euroko kalte ordaina jasotzea itundu dute CCOOk eta UGTk. ELAren ustez, akordioak ez du bermatu kaleratzerik ez izatea.  

Siemens Gamesaren Sarrigurengo egoitza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko abenduaren 22a
20:42
Entzun

Siemens Gamesak, hurrengo bi urteetan, erretiro aurreratuen eta enpresa uzteko prest direnentzako kalte ordainen bitartez gutxituko ditu langileak Zamudion (Bizkaia) eta Sarrigurenen (Eguesibar).

Asteazkenean zuzendaritzarekin izandako azken bileran, horretarako baldintzak hitzartu zituen enpresak CCOOrekin eta UGTrekin. Sindikatuok uste dute Siemens Gamesak duela bi hilabete iragarritako kaleratze traumatikoak saihestu direla, «irteera borondatezkoa izatea lehenesten delako». ELAk, aldiz, uste du akordioak ez duela bermatuko kaleratzerik ez izatea, eta horregatik ez du bat egin.

Siemens Gamesak Zamudioko, Sarrigurengo eta Madrilgo bulegoetan 352 lanpostu kentzeko asmoa adierazi zuen urrian, eta bi hilabetez horri buruz negoziatu dute hiru sindikatuek zuzendaritzarekin. Herenegun Nafarroan azken bilera egin ondotik, hiru lantokietako langileek batzar telematikoa egin zuten akordioaren nondik norakoak ezagutzeko. Ondorengo egunetan emaitzari buruz bozkatuko dute.

Urtarrilaren 10etik aurrera, Siemens Gamesak lanpostuak murrizteko erregulazioko espedientea aurkeztuko du: langileen bozketaren emaitza aldekoa bada, hitzartutako baldintzak indarrean jarriko ditu, eta, bestela, «beste baldintza batzuk» ezarriko ditu, Miguel Garcia Adanero CCOOko ordezkariak azaldu duenez.

Hitzartutako baldintzak

Adostutakoaren arabera, ezin daiteke aldez aurretik ziurtatu zenbat lanpostu kenduko diren lantoki bakoitzean, enpresa utzi nahi duten langileen araberakoa izango baita hori.

Alde batetik, enpresa uzteko prest direnei lan egindako urteko 45 eguneko kalte ordaina ordainduko die: ez zaie gehienezko kopururik ezarriko, eta gutxienez 30.000 euro jasoko dituzte. 55 urtetik 60 urte arteko langileei erretiroa aurreratua izateko baldintzak ezarri dizkiete: adinaren arabera, soldataren %70 eta %80 artean jasoko dute. Gainera, borondatezko eszedentziak hartzeko aukera emango da, lanpostua bi urtez gordetzeko erreserbarekin.

Prozesua luzea izango da, eta printzipioz bi urte iraungo du: 352 langile horietatik %45ek utzi beharko lukete enpresa 2023an, eta %55ek 2024an. Dena den, epe hori amaituta, enpresaren kopuruetara iristen ez bada, irteteko baldintzak «2026ko abenduaren 31 arte» luzatu daitezke. CCOOk ontzat eman du, «egin zitekeen akordiorik onena delako».

ELA ez dator bat

Ez dator bat iritzi horrekin ELA. Izan ere, ez du uste akordio horrekin etorkizuneko lana bermatu duenik enpresak.

Puy Remirezek (ELA) gogorarazi du 2017an Siemensek Gamesa bereganatu zuenetik hiru moldaketa handi egin direla eta langileak «nekatuta» daudela euren lanpostua arriskuan ikusteaz. «Borondatezko kaleratzeak egingo direla diote, baina enpresak esango du zer tokitan behar duen jendea kendu. Ondorioz, borondate hori ez da baldintza bakarra izango. Mugatuta dago, eta, gure ustez, ez da bermatuko kaleratzerik ez egotea».

Remirezen arabera, prozesua beste bi urtez luzatzeak «ziurgabetasun giroa are gehiago okertuko du», eta horri gehitu behar zaio Siemens Energyk azaroan iragarri zuela «doikuntza» gehiago egin zitzakeela. «Ezein kasutan ez da bermatzen enpleguaren egonkortasuna. Jendea nazkatuta dago mehatxupean bizitzeaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.