Orgiko basoa
Orgiko hariztia, 77 hektareako hedadura duen baso naturala da. Ultzamako ibarrean kokaturik, Lizasoko kontzejuaren herri-oihana da Orgi. Mendeetan zehar, Lizasoko biztanleek basoa ustiatu ez ezik, landu ere egiten zuten eta bertatik hartzen zituzten bizitzeko beharrezkoa zuten ia guztia: egurra, orbela, fruituak, ezkurrak… eta bertan ehizatzen zuten ere. Gaur egun, aldiz, ustiapen mota hau bazter utzita Ingurune Babestua da.

Bisitarien eta naturaren balioen kontserbazioa bateragarri egiteko, basoa edo hariztia hiru zonatan banatu da:
1.- Arigartzetako harrera-gunea da lehena eta bertan, sarrera, aparkaleku, informazioa emateko etxola, askaldegiak, zaborrontziak eta komunak.
2.- Tomaszelaieta paseatzeko gunea dugu bigarrena eta basoan dagoen eremurik handiena. Ingurune honetan hiru eratako ibilbideak aurkituko ditugu, denak erraz egiteko modukoak:
Labirintoa: 300 metroko bidaia laburraren bidez, bertze oihan bat aurkituko dugu oihan handiaren itzalean (oihanpekoa). Bide hau itsuentzat egokiturik dago.
Bidea: 1.400 metroko ibilbide honen bidez hariztiaren aurpegi anitzak ikusiko ditugu, eta ehun urtetik gorako haritzekin gozatu.
Senda: 700 metroko bide hau, bestea baino estuagoa da eta bertan ibiliz, hariztiaren alderdirik hezeena, itxiena eta basatiena ikusi ahal izango dugu.
3.- Muñagorriko kontserbazio-gunea dugu azken zona, baina eremu hau debekatuta dago bisitarientzat, basa-abereentzako babesleku lasaia baita.
Ordubete beharko dugu hariztian murgildu eta bere xendetatik ibiliz naturak eman digun opari honetaz gozatzeko. Ume txikiekin ibiltzeko oso aproposa.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.