Aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak onartu ditu Eusko Legebiltzarrak

Soilik gobernua osatzen duten alderdien babesa jaso dute, EAJ eta PSE-EErena. Oposizio osoak kritika gogorrak egin dizkie kontuen edukiei eta gobernuaren «negoziatzeko borondate ezari». Gobernuko alderdiek, berriz, beste alderdien bizkar utzi dute negoziazioen porrotaren erantzukizuna, «erraza eta erosoa delako horrela jokatzea».

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, gaur. BERRIA
xabier martin
2022ko abenduaren 23a
13:16
Entzun

Aurreikusita zegoen moduan, EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak onartu dituzte, Eusko Legebiltzarrean duten gehiengo absolutua baliatuta. 14.250 milioi euroko aurrekontuak oposizioaren zenbait zuzenketa jaso ditu, azkenerako, ia 40 milioi euroko baliokoak. 20,3 milioi EP-IUren zuzenketei dagozkie; 17,06 milioi, PPren zuzenketei; eta soilik 1,5 milioi, EH Bilduk aurkeztutako bi zuzenketa partziali. Esaterako, hamabi milioi garraio arloko deskontuetarako izango dira, eta beste hamaika milioi eta erdi, osasunerako. Edonola ere, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak aurkeztutako aurrekontuak ia bere horretan atera dira aurrera, oposizioko taldeekin egindako negoziazio saioek porrot egin ondoren.

EAJk eta PSEk onartutako oposizioaren zuzenketek islatzen dute, EAJko legebiltzarkide Alaitz Zabalaren arabera, «gutxiengoan dagoen oposizioaren arduragabetasuna». EH Bilduri eta EP-IUri, «oposizio suntsitzailea» egiten dutela aurpegiratu die, aurrekontuak negoziatzeko prozesuari erreparatuz. Elkarrekin Podemos-IUri garbi esan dio bere «eredua» ez dela Eusko Jaurlaritzarena «eta ezta euskal gizartearen gehiengoarena ere», ganberaren ordezkaritzak erakusten duen moduan.

Osasunean eta hezkuntzan jaso diren «hobekuntzak» kontuan hartu gabe, ezezkora jo du oposizioak; Zabalaren ustez, «erraza eta erosoa» delako oposizioan egotea. «Guk Euskadiren aldeko lanean jarraituko dugu, ordea», esan du. Lan horren adibide jarri du EP-IUren zuzenketa batzuk onartu izana, «herritarren aldeko politikan» ari ei direlako Jaurlaritza osatzen duten alderdiak.

EH Bilduri aurpegiratu dio koherente ez izatea egiten duen diagnostikoa eta aurkeztu dituen zuzenketak alderatzen direnean. «Dena hankaz gora dagoela esaten duzue, Osakidetza sutan dagoela, aro aldaketa bat dagoela, eta aldaketa estrukturalak behar direla, eta zuen ekarpenak zuzenketetan oso urriak izan dira. Hau da, ez zarete hitzetatik ekintzetara pasatu». Koalizio abertzalearen aurkako hitz gogorrak izan ditu EAJko kideak: «Ez zarete zintzo jokatzen ari euskal gizartearekin. Zarataka eta politika suntsitzailea egiten ari zarete».

Eta Maialen Lujanbio Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlearen bertso bati erreparatu dio koalizioak izan duen jarrera laburtzeko: «Komunean eraikitakoa komuneko zulotik behera bota duzue». Zabalak erantsi du «esperantzara kondenatuak» daudela, «Garik BECen kantatu duen moduan». «Gu prest gaude horretarako; zuek?»

EH Bilduren erantzunak

Onartu diren aurrekontuak «betiko dinamikan» emandako erantzun bat direla azaldu du Leire Pinedo EH BIlduko legebiltzarkideak, ez duela aintzat hartzen «aro aldaketa sakona, energia ereduaren aldaketarekin adibidez», eta EAJk «alergia» diela «aldaketa estrukturalei». Pinedorentzat, «ukaezina da zerbitzu publikoen degradazioa», eta osasuna jarri du horren adibide gisa. «221 milioi euro gutxiagoko gastua jaso dute osasunerako 2023ko aurrekontuek aurrekoen aldean. Osakidetza itsaso bare-bare bat denez, neurri egokia dela pentsatuko duzue agian», esan die EAJ eta PSE-EEko legebiltzarkideei, ironiaz.

Osasunaren arloaz hizketan segitu du, «lehen arretan etengabeak direlako murrizketak, itxarote zerrendak gero eta luzeagoak ,eta Donostiako ESIa sutan dagoelako». Gutxiago gastatuta horrelako egoera bati erantzungo ote zaion galdetu du Pinedok, azpimarratuta berriro ere 221 milioi euroko galera dagoela 2022ko aurrekontuekin alderatuz gero. Koalizioko ordezkariak nabarmendu du 2009an gastu handiagoa egiten zuela EAEk osasunean BPGan duen portzentajea aintzat hartuz.

Zerga politikaren edukia izan da gobernuko alderdien eta oposizioen arteko negoziazioek porrot egin izanaren beste arrazoietako bat, EH Bilduren eta EP-IUren arabera. «Aitzakiatan zabiltzate eztabaida ordenatu eta zabal bat ez egiteko», esan die Pinedok Jaurlaritza osatzen duten alderdietako legebiltzarkideei; «zuen artean baizik ez duzue egin nahi azterketa hori».

Bukatu aurretik, argi utzi du zuzenketa partzial batzuk onartzeak ez duela 2023ko aurrekontuen argazkia «makilatuko», eta argazki horretan argi azalduko dela «ausardia falta» eduki duela gobernuak «benetan negoziatzeko». Jazo dena argi azaltzea euskal gizartearekin «zintzotasunez» jokatzea dela uste du.

Elkarrekin Podemos-IUren erantzuna

Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramaileak «pribatizazioa» sustatzen duten aurrekontuei buruz hitz egin du, eta Eusko Jaurlaritza «progrewashing teknikan» ari dela, hau da, «politika neoliberala egiten den bitartean herritarren aurrean progresista gisa azaltzen». EAJri aurpegiratu dio helarazten duela aurrekontuak onartzea «arduratsua izatea dela», eta haiek ez babestea «suntsitzailea». Legebiltzarrean eredu bat baino gehiago dagoela gogorarazi dio EAJko ordezkari Zabalari, eta errealitate hori onartzea «gehiegi kostatzen» zaiela jeltzaleei.

EP-IUk aurrekontuen aurka bozkatu du, kohesioa «berdintasun sozialean» neurtzen duelako, eta gaur onartutako kontuak ez doazelako norabide horretan, Gorrotxategiren arabera, zerbitzu sozialetan eta «hezkuntzan bereziki jasotako itunpeko akordioak» kontuan hartuz. Eta garbi utzi du «bidezkoa ez den fiskalitate bat indarrean dagoen bitartean» zerga politika salatzen jarraituko duela haren koalizioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.