Lan gatazkak

Frantziako tren kontrolatzaileen grebak eragina izan du Iparraldean

TGV eta TER eskualdeko zerbitzuko bidaia batzuk bertan behera geratu dira Ipar Euskal Herrian. Astelehenera arte iraungo du grebak.

Parisko geltoki bat, abendu hasieran. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 24a
11:52
Entzun

SNCF Frantziako tren konpainiako kontrolatzaileak greba betean dira, lansariak eta lan baldintzak berriz baloratuak izan daitezen galdegiteko. Eta izan du eraginik Ipar Euskal Herriko tren garraioan. TGV zerbitzuan, esaterako, ez dago tren billeterik erosterik: Paristik Baionarako eta Hendaiarako (Lapurdi) bidaiarik erosterik ez dago —eta alderantziz—. Bertan behera geratu dira hainbat bidaia astebururako, eta bere horretan mantendu direnak guztiak beterik dira. Bordele (Okzitania) eta Hendaia arteko TER zerbitzuko bidaia gutxi batzuk ere eten egin dituzte grebagatik, eta erosterik bada oraindik. Era berean, TER zerbitzuen kasuan eskatu dute bidaiaren bezperan egiaztatzeko bidaiarik izango al den, 17:00etatik aurrera. Astelehenean amaituko da kontrolatzaileen greba.

Frantziako tren konpainiak neurriak hartu ditu: asteburuko bidaiak beste batzuengatik trukatzea doakoa da, edo itzulketa osoa ere egingo dute. Bertan behera geratutako bidaien kasuan, kalte ordaina ordaindutako billetearen prezioaren bikoitza izango da.

Ostegun honetan bildu ziren sindikatuak tren konpainiako ordezkariekin, negoziatzeko. Hasieran, SNCFk 600 euroko prima proposatu zien sindikatuei. Kontrolatzaileek uko egin zioten hari, ez baitziren bat etortzen beren eskakizunekin. Bigarren aldiz hurbiltzeko saiakera ere egin zuen tren konpainiak: 720 euroko prima, 200 kontrolatzaile kontratatzea, eta kontrolatzaileen ordezkaritza bat sortzea. Horren aurrean, sindikatuek urte amaierako greba deialdia bertan behera uztea erabaki zuten; ez ordea, asteburu honetakoa.

Honakoak dira bertan behera geratu diren bidaiak, TGV eta TER eskualdeko zerbitzuetan:

TGV Paris - Baiona - Hendaia
Larunbata: 7:11 - 15:11 - 18:10
Igandea: 6:50 - 7:31 - 10:11 - 12:11 - 14:05 - 16:11

TGV Hendaia - Baiona - Paris
Larunbata: 16:12 - 16:53
Igandea: 7:12 - 9:32 - 16:12 - 16:43

TER Bordele- Hendaia
Larunbata: 9:20 - 18:46
Igandea: 8:19 - 11:19

TER Hendaia - Bordele
Larunbata: 16:53 - 18:57
Igandea: 18:57

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.