Hilketa

Hiru pertsona atxilotu dituzte Donostian labanaz hildako gaztearen kasua dela eta

24 urteko mutil hernaniar bat hil zuten atzo goizaldean, dantzaleku batean sorturiko borroka batean. Bilbon, beste gazte bat zauritu dute labanaz, taberna baten kanpoaldean gertaturiko borroka batean.

Ertzaintza Donostiako Okendo plazan, hilketa izan den lekuan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 25a
16:43
Entzun

Ertzaintzak 24 urteko mutil bat hilda topatu zuen atzo goizean Donostian. Poliziak 06:20 aldera izan du erasoaren berri, eta Okendo plazan aurkitu zuen Hernaniko mutila, Victoria Cafe diskotekatik gertu. Sastakadak zituen lepoan eta gorputzaren beste zenbait ataletan. Larrialdi zerbitzuak saiatu ziren hura berpizten, baina ez zuten lortu. Lukas Agirre zuen izena biktimak.

Ordubete geroago, Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen, Donostiako Hondarribia kalean, hilketarekin zerikusia dutelakoan: 28 urteko emakume bat eta 26ko gizonezko bat. Hirugarrena, 24 urteko gazte bat, 10:00 aldera atxilotu zuten, Donostian hura ere. Bere burua entregatu zuen, amak lagunduta. Poliziak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko, baina oraingoz ez du azalpenik eman.

Lekukoek adierazi dutenez, eztabaida dantzalekuaren barruan sortu zen, bi pertsona talderen artean, eta kanpoaldean jarraitu zuen.

Eneko Goia Donostiako alkateak «dolumina eta elkartasuna» adierazi zien biktimaren senideei, sare sozialen bidez. Gainera, Donostiako Udalak kontzentrazioa eginen du bihar eguerdiko 12:00etan, hilketa gaitzesteko. Hildako mutilaren familiari elkartasuna erakutsi dio udalak, eta elkarretaratzera joateko eskatu die herritarrei. Alderdi Eder parkean izanen da kontzentrazioa.

Hernaniko Alkate Xabier Lertxundik ere atsekabea adierazi du, eta senideei sostengua emateko eskatu du. Hernaniko Udalak bat egin du Donostian eginen den elkarretaratzearekin, heriotzak eragindako «nahigabea» erakusteko. Gainera, udalean dauden alderdi guztiek adierazi dute adierazpen instituzional bat eginen dutela.

Zauritu bat Bilbon

Donostiakoa ez da izan Eguberrietako borroka larri bakarra.

Bilbo erdialdean gazte bat larri zauritu zuten, hura ere labanaz. Erietxean dago, eta, hango iturrien arabera, egonkor.

Indautxuko gau giroko taberna batean gertatu zen borroka. Eztabaida batekin hasi zen, baina giroa berotuz joan zen. Ukabilak erabili zituzten, eta, azkenean, baita labanak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.