64,1 milioi euroan lizitatuko dira EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko obrak

Enpresek 2023ko otsailaren 3ra arte aurkezten ahalko dituzte euren eskaintzak.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren erreprodukzioa. EHU
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 26a
12:25
Entzun

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria egiteko obren deialdia argitaratu berri dute. Lizitazioak ia 64,1 milioi euroko zenbatekoa izanen du, eta eskaintzak aurkezteko epea datorren urteko otsailaren 3an amaituko da. EHUk aurreikusten du kontratua 2023ko maiatzean sinatuko dutela, eta obrak ekainaren bigarren hamabostaldian hasiko dituztela. Unibertsitatearen arabera, 2026-2027ko ikasturterako erabilgarri egonen da eraikina.

Lau eremutan banatutako eraikina izanen da, eta hegoaldean kokatuko da handiena. Bertan egonen dira ikerketarako guneak eta irakaskuntzarako laborategiak. 5.300 metro karratuko eremu baten gainean eraikiko da, Basurtuko ospitalearen ondoan.

Eva Ferreira EHUko errektorea honela mintzatu da proiektuaz: «Ezusteko zailtasunak gainditu behar izan ditugu. Energiaren kostuen gorakadak eta Ukrainako gerrak krisi ekonomikoa eragin dute, eta, ondorioz, ezinezkoa izan zen aurrekoan esleipena gauzatzea, baina ez dugu amore eman, eta tinko heldu diogu hartutako konpromisoari». Izan ere, joan den abuztuan obrak gelditu behar izan zituzten, ABEE aldi baterako enpresa elkarteak uko egin zielako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea eraikitzeko obrei, argudiatuz eraikuntza kostuak igo egin zirela eta ezinezkoa zitzaiela lan hori beren gain hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.