Ingurumena

Zentral eolikoen tramitazio «bidegabea» salatu du Arabako Mendiak Aske plataformak

Ingurumen legeak urratzea leporatu diote Arabako Aldundiari, Labrazako eta Gasteizko Mendietako parke eolikoei baimena emateagatik

Arabako Mendiak Aske plataformak gaur Gasteizen eginiko agerraldia. ARABAKO MENDIAK ASKE
2022ko abenduaren 28a
12:43
Entzun

«Arabako Mendiak Askek zentral eolikoen tramitazioa gure lurraldean kudeatzeko modu ilegala, ez-legitimoa eta bidegabea salatzen du». Plataformak prentsaurrekoa eman du gaur Gasteizen, eta adierazi du administrazio publikoak energia enpresen «eskarien alde» agertu direla, «natura eta landa eremu zabalak industrializatzen jarraitzeko».

Labrazarako eta Gasteizko Mendietarako egitasmoez aritu dira, batez ere. Parke eoliko horiek eraikitzeko baimena eman izana txarretsi diete erakundeei. Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiari leporatu diote «Iberdrolari» inolako oztoporik jarri ez izana, nahiz eta egitasmoak, haien arabera, ingurumen legeak urratzen dituen.

Joan den astean, Azazetako parke eolikoa eraikitzeko ingurumen baimena eman du Arabako Foru Aldundiak.

«Aitortzen dute kalteak latzak eta oso larriak izango direla faunarentzat, bereziki hegazti harrapari oso babestuentzat, hala nola arrano errealarentzat, Bonelli arranoarentzat, miru errealarentzat, ugatzarentzat eta sai arrearentzat», azaldu dute, eta txosten ofizialen arabera kalteak paira ditzaketen beste hainbat animalia eta landare espezie zerrendatu dituzte.

Ikusi gehiago:Aztertzen ari dira 43 parke eoliko egiteko eskariak

«Badakigu zortzi aerosorgailu horien atzetik beste hainbeste etorriko direla, inguru honetako lur azalerak jasan dezakeen maximoraino».

Oso larritzat jo dute Arabako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak kontzejuen esanak kontuan hartu ez izana. «Herrietan bizi garenak ez gaituzte aintzat hartzen, gure erabakiak ezkutatzen dituzte, eta zapaldu egiten gaituzte».

Deialdia egin dute urtarrilaren 14an elkarretaratzea egiteko, 18:00etan, Gasteizko Probintzia plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.