Finantza publikoak

Nafarroak espero du zerga berrien bidez beste 104 milioi biltzea hurrengo bi urteetan

Fortuna handien zerga ez da aplikatuko, ondare zerga duelako Nafarroak. Bankuen eta energia enpresen zerga berezia Madrilek bilduko du, eta diru sarreren %1,6ren bidez konpentsatuko du foru ogasuna.

Hitzarmen EkonomikoarKoordinazio batzordearen bilera Madrilen.Tartean Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa eta Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. FERNANDO VILLAR / EFE
joxerra senar
2022ko abenduaren 28a
13:36
Entzun

Bezperan Eusko Jaurlaritza, eta orain Nafarroako Gobernua. Azken asteetan Espainian onartu diren zerga berriak kudeatzeko eta biltzeko akordioa hitzartu du Nafarroak estatuarekin, Madrilen Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazio batzordearen eta gero koordinazio batzordearen bileren bitartez.

Fortuna handien zerga Nafarroako ondare zergaren osagarri izango da, eta praktikan ez da bertan aplikatuko, ondare zergak indarrean jarraituko baitu. Bankuen eta energia enpresen gaineko zergari dagokionez, Madrilek hartuko du bere gain bilketa, eta diru sarreren %1,6 itzuliko dio Nafarroari hiru hilean behin, ekarpenaren ordainketako doikuntzen bidez —%1,6ko ehunekoa; ekarpena kalkulatzeko erreferente gisa erabiltzen den egozpen indizeko zifra bera da—. Jasotako diru hori Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko eta oro har testuinguru ekonomikoaren eragina leuntzeko neurriak finantzatzeko erabili beharko du Nafarroako Gobernuak. Saizek zehaztu du laguntza horien definizioa eta kudeaketa bere gain hartuko duela «osorik».

Ikusi gehiago:Fortuna handien zerga Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren esku egongo da

Gainera, ingurumen arloko bi zergen kudeaketaren gaineko baldintzak ere hitzartu dituzte. Alde batetik, berrerabil ezin daitezkeen plastikozko edukiontzien gaineko zergan, Nafarroan salgaiok ekoizten dituzten enpresen zerga bilketaz arduratuko da foru gobernua.

Bestetik, berotegi efektuko gas fluoratuaren gaineko zeharkako zerga irailean sartu zen indarrean Espainian, eta funtsean produktuak ekoiztean gas fluoratua —HFC hidrofluorokarburoak, PFC perfluorokarboroak eta SF6 sufre hexafluoruroa— txertatu duten enpresak zergapetzen ditu. Akordioak jasotzen duenez, ekoizpena Nafarroan denean, foru ogasunak bilduko du zerga.

«Egun handia da», azpimarratu du Madrildik telekonferentzia bidez Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Haren hitzetan, «Nafarroaren autonomia sendotu egingo da sortzen ari diren zerga berriak kudeatu eta biltzeko orduan». Akordioaren xehetasun teknikoak irakurri ostean, aurreratu du datozen bi urteetan zerga horiekin 104 milioi euro gehiago bilduko direla, eta jarraian zehaztu du «kalkulu bat» besterik ez dela.

Hitzarmen Ekonomikoaren egituraren barruan, bi bilera egin dira. Alde batetik, bi gobernuen arteko ordezkariez osatutakoa. Bertan, fortuna handien zergaren eta ingurumen arloko bi zergen akordioak hitzartu dira. Bestetik, koordinazio batzordea, Nafarroaren aldean, kolore politiko desberdinetako parlamentuko ordezkariek osatzen dute, eta bertan bankuen eta energia enpresen zergaren inguruko akordioa eta ingurumen arloko zergen doikuntzak adostu dira. Saizen arabera, bilera horietan, guztiak ez dira Madrilen izan, eta Iruñetik aritu direnek bideokonferentzia bidez hartu dute parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.