Alderdiak

Eneko Anduezak esan du urteko balantzea «positiboa» dela, «politika sozialistei esker»

Besteak beste, txalotu du fortuna handien zerga Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aplikatzea, eta datorren urtean garraio publikoen laguntza mantentzea.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, gaurko agerraldian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 28a
15:16
Entzun

Urteko balantzea egin du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, eta datorren urterako helburuak finkatu, gaur Bilbon egin duen agerraldian. Haren arabera, pandemiak eta Ukrainako gerrak «intentsitate handiko» urte bat eragin dute. Horri aurre egiteko, urtean zehar onartutako «politika sozialistek» gizartearen arazoei erantzuna ematen jakin dute: «Erakutsi dute badagoela gobernatzeko beste modu bat, lan merkatuan, energian eta fiskalitatean erreformak eginez». Gauzak horrela, urteko balantzea «positiboa» dela esan du. Eta jarrera baikorra erakutsi du datorren urteari begira: «Egoera itxaropentsua da, nahiz eta eskuinak kontrakoa esan».

Garraio publikoen beherapena nabarmendu du Anduezak. Izan ere, atzo adierazi zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak garraio publikoaren laguntzei eutsiko diela. 2023an ere, beherapena %50ekoa izango da: laguntzen %30 Espainiako Gobernuak ordainduko ditu; %10, Eusko Jaurlaritzak; eta beste %10, tokiko erakundeek. Anduezak txalotu egin du erabakia: «Urrian esan genuen gure helburua zela beherapenak 2023an bere horretan jarraitzea, eta lortu dugu; gainera, garraio sail askotako arduradun gisa, erakunde bakoitzaren konpromisoa lortu dugu hori posible egiteko». EAJren jarrera salatu du, eta «ustekabeko erresistentzia» jarri duela adierazi: «Laguntza horiekin, gure trenak, tranbiak, metroak eta autobusak betetzen dituzten langileengan pentsatu dugu».

Fortuna handien zerga Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aplikatzea «ezinbestekotzat» jo du Anduezak. «Hemen ere agerian geratu dira gerraren ondorio ekonomiko eta sozialak, eta hemen ere kargen banaketa bidezkoago bat egin behar da». Haren irudiko, justizia fiskalik gabe, ezinezkoa da justizia soziala lortzea. «Energiak zerutik eroritako onurekin egin dugun bezala, fortuna handiek ere ekarpena egin behar dute guztion onurarako, haien baliabideen arabera».

Hezkuntza Legearen proiektuarekin «pozik»

Hezkuntza Legea ere izan du hizpide idazkari nagusiak, eta legealdi honetan onartzeko asmoa dutela berretsi du. «Pozik» daude, legea «bide onetik» doalako: «Testu horren ildo nagusiak sozialistek egindako eskaerak dira: eskola publikoaren zentraltasuna, eleaniztasuna eta ikasleen eskola arrakasta; baina, bereziki, hezkuntza erreformaren erronka nagusiari erantzuten dio, egungo sistemari falta zaion berdintasunari».

Datorren urteari begira, itxaropen mezu bat bidali du Anduezak: «Helburuak argi ditugunean, erabakitasunarekin, dena da posible». Eta, esan duenez, nahiz eta intentsitate handiko urtea izan, sozialistek jakin izan dute gizartea eta euren arazoak agenda politikoaren erdian kokatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.