Serbia-Kosovo

Kosovoko serbiarrek mugako barrikadak kenduko dituzte

Serbiako presidenteak esan duenez, Kosovok «bermeak» eman dizkio bi herrialdeen arteko errepideak blokeatu dituztenak auzipetuak ez izateko.

Kosovoko serbiarrek kanpamentuak jarri zituzten mugako barrikaden ondoan. EPA / EFE
ander perez zala
2022ko abenduaren 29a
11:28
Entzun

Erabakiak, teorian, bi herrialdeen arteko tentsioa baretzen lagunduko du. Kosovoko serbiarrak mugan jarri zituzten barrikadak kentzen hasi dira gaur, Serbiako presidente Aleksandar Vucicek haien ordezkariekin batzartu ostean jakinarazi duenez. Hemeretzi egun dira trafikoa blokeatuta dagoela Kosovo eta Serbia lotzen dituzten errepideetan, baina orain zirkulazioa berreskuratu ahalko dute, pixkanaka; Vucicek azaldu duenez, prozesua «luzea» izango baita, eta «24 edo 48 ordu» iraungo baitu. «Barrikadak kenduko dituzte; mesfidantza, aldiz, ez», ohartarazi du Serbiako presidenteak.

Manifestariek zenbait baldintza ezarri zituzten bi herrialdeen arteko trafikoa desblokeatzeko; garrantzitsuena, barrikadak ezarri dituzten protestariak auzipetuak ez izatea. EB Europako Batasuna eta AEB Ameriketako Estatu Batuak bitartekari lanetan aritu dira, eta, Serbiako presidenteak jakinarazi duenez, Kosovok «bermeak» eman dizkio hori ez gertatzeko.

Horri begira, komunikatu bateratu baten bidez, EBk eta AEBek ongietorria eman diete barrikadak kentzeko erabakiari eta bermeak izateari, baina, aldi berean, esan dute «legedia errespetatu» behar dela, eta «edozein motatako indarkeria onartezina» dela. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere begi onez ikusi du erabakia; Caroline Ziadeh Kosovorako ordezkariaren bitartez, adierazi du hurrengo pausoak Pristinaren eta Belgraden arteko elkarrizketei berriz ekitea izan behar duela.

Serbiako estatuburuak, Kosovoko serbiarren ordezkariekin elkartu ostean, azaldu du horiek ez dutela konfiantzarik Pristinarekiko. Kosovoko serbiarrentzat —50.000 inguru dira—, Kosovo Serbiaren parte da, eta Vucici eskatu zioten Kosovok 2008an aldarrikatu zuen alde bakarreko independentzia ez onartzeko —hori da Belgraden egungo jarrera—; hori gertatu denetik, protestariek salatu dute Pristina haien kontrako diskriminaziozko erabakiak hartzen ari dela, baita haien eskubideak murrizten ere.

«Gure aurkako beldurrak eta atxiloketek bere horretan jarraitzen badute, betirako itxiko dugu Kosovo iparraldea Pristinako erakunde baztertzaileentzat», esan dute Kosovoko serbiarrek, Serbiako presidenteak irakurritako ohar baten bidez. Are, jakinarazi dute ez direla herrialde horretako erakundeetara itzuliko sistema autonomiko bat ematen dieten arte.

Autoen matrikulen aferak are gehiago gaiztotu zuen bi herrialdeen arteko giroa, eta, azaroaren 24an horren inguruan ados jarri ziren arren, Kosovo iparraldeko serbiarrek ez dute begi onez ikusi erabakia; besteak beste, tokian tokiko epaileek eta 600 bat poliziak dimisioa eman zuten akordio horren aurretik.

Polizia ohi baten atxiloketa, tentsioaren gorakadaren arrazoia

Gerora, hilaren 10ean, berriz handitu zen tentsioa, Kosovon polizia ohi serbiar bat atxilotu zutenean —Mitrovica iparraldeko bozak antolatzeko bulegoei eraso egin izana leporatzen diote—; protesta gisara, barrikadak jarri zituzten mugako errepideetan, eta, harrezkeroztik, egoerak okerrera egin du. Orain, badirudi egoera lasaitu egingo dela, besteak beste polizia ohi hori etxera itzuli baitzen atzo, atxiloaldi prebentiboan jarraitzen duen arren.

Hori bai, justiziaren erabaki horrek haserrea eragin du Kosovoko Gobernuan. Albulena Haxhiu Justizia ministroak, esaterako, atzo esan zuen ez duela «ulertzen terrorismoarekin lotura duen hain delitu serioaz» akusatu duten pertsona bat «zergatik ezarri duten etxeko atxiloaldian».

Ikusteko dago, gainera, Serbiako Gobernuak zer erabaki hartzen duen armadari begira, herenegun tropak alerta gorenean jarri baitzituen Kosovoren mugan, eta soldaduen kopurua 1.500dik 5.000ra igo baitzuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.