Indarkeria matxista

Mugimendu feminista ere kalera atera da Bilbon atzo izan zen hilketa matxista gaitzesteko

'Indarkeria sexistari aurre egin' leloa plazaratu dute, kasu bakar bat gehiago ere ezin dela onartu ohartarazita

Isabel Jaurena - Maite Asensio Lozano
2022ko abenduaren 29a
12:34
Entzun

Mugimendu feministak iragarria zuen gaur kalera irtengo zela Bilbon atzo gertatu zen hilketa matxista salatzeko. Bilboko Mariaren Bihotza plazan, Donostiako Bulebarrean, eta Iruñeko udaletxe plazan jarri dituzte topalekuak. Gasteizen bihar egingo dute protesta. Bilbon euritan egin dute kontzentrazioa, eta izan dira aldarri batzuk. Esaterako: «Legeak ere konplize dira». Edota: «Erasorik ez erantzunik gabe». Emakume batzuk Boliviako banderarekin agertu dira, han baitzuen jatorria biktimak. Bikotekideak atzo goizean jo zuen Poliziarengana, hil egin zuela esanez, eta atxilotuta dago ordutik. Elkarretaratzean justizia eskatu dute biktimarentzat. Gaur jakin da hildakoaren izena: Rebeca Huayta Huacan. 45 urte zituen.

Bilboko kontzentrazioa egin duten tokitik gertu dago hilketa gertatu zen tokia, Hilargi taberna. Han xingola beltz bat jarri dute, eta justiziaren eta autodefentsa feministaren aldeko aldarriak ozendu dituzte. Oihuak egin dituzte atxilotuaren estradizioaren eske ere.

Ehunka lagun elkartu dira Bilbon mugimendu feministak egin duen elkarretaratzean. Indarkeria sexistari aurre egin lelodun pankarta erakutsi dute. Elkarretaratzearen amaieran agiri bat irakurri dute. Atzo gertatu zen hilketa matxistaz gain, Bizkaia zubipean asteburuan hilik agertu zen emakumearen kasua ere aipatu dute. Polizia ikertzen ari da heriotza hori, eta baieztapena falta bada ere, bortxaz eragindakoa izan zela dirudi, eta transexuala zela, gainera, biktima. Hilketak emakumeen kontrako indarkeriaren «muturreko adibide gordinena» direla esan dute agirian, eta sistema bera irauli behar dela. «Indarkeria matxistari aurre egitea lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu», adierazi dute. Egun jarrera «konplize» askok indarkeria hori hauspotzen dutela uste dute. Bide batez, «autodefentsa feministaren» aldeko deia egin dute.

Erantzun instituzionala

Elkarretaratze isila egin dute gaur eguerdian Bilboko udaletxeko eskaileretan ere atzo San Frantziskon hil zuten emakumearen hilketa salatzeko. Bilboko Udaleko talde politikoek sinatuta, adierazpen instituzional bat zabaldu zuten atzo. Bertan elkarretaratzera dei egiten zuen udalak, baita hilketa gaitzetsi eta familiari eta senideei hurbiltasuna erakutsi ere.

«Emakumeen kontra zuzentzen den indarkeria haien duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua da, hots, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina, salatu beharrekoa, isilik gelditu gabe, eta biktimen aldeko sostengua adieraziz, indarkeria pairatzen duten emakumeak babestuz», dio idatziak.

Elkarretaratze jendetsua izan da, non, udaleko taldeaz gain, bertze zenbait eragile politikok ere parte hartu duten. Hala nola Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eudelek –Euskadiko udalen elkarteak– eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Nardi Suxo Boliviako enbaxadoreak ere parte hartu du ekitaldian.

Ekitaldiaren amaieran Ninfa Salazar Boliviako komunitatearen bozeramaileak «justizia» eskatu du hildakoarentzat, eta gizona Boliviara estraditatzeko, bertan «epaitu eta kondenatu» dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.