Gazte mugimenduak

Ernaik «gazte independentisten topaleku» bihurtu nahi du Elorrio apirilaren 6tik 9ra

Gazte antolakundeak 10 urte egingo ditu martxoan. Hori dela eta, hamar urte barruko Euskal Herria «imajinatzeko eta irudikatzeko» baliatu nahi du topagunea. Merina Gris, Zetak, Brigade Loco eta Olaia Inziarte bertan izango dira, besteak beste.

Ernaiko hainbat kide, gaur goizean, Elorrion (Bizkaia). ERNAI
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 29a
15:16
Entzun

Duela bi hamarkada egindakoari keinu egin dio Ernai gazte antolakundeak 2023an egingo duen Gazte Topagunearen kokalekuarekin. 2002an Elorrion (Bizkaia) antolatu zuten topagunea, eta han egingo du Ernaik 2023koa ere, apirilaren 6tik 9ra. «Gazte independentisten topalekua» izatea nahi du. Iraganari bainoago, etorkizunari begira jarri nahi du antolakundeak, hala ere. Azaldu du «bestelako etorkizun bat imajinatu eta egia bihurtzeko momentua» izatea nahi duela, eta «bizitzeko modu bati» heltzekoa. «Bidean egindako guztiak, bizipen, irakaspen zein hausnarketek egiten dute Ernai gaur egun den modukoa. Baina gure antolakundeak batez ere egin duena burua altxatu eta euskal gazteriari ilusioa piztea izan da, baita momentu gogorrenetan ere», azaldu du antolakundeak.

Garai berezian iritsiko da topagunea, martxoan hamar urte izango baitira Ernai sortu zutenetik. «Urte luze hauetako ibilbidea» gogoratzeko baliatuko dute egitasmoa, baina, batez ere, «hamar urte barruko Euskal Herria imajinatu eta irudikatzeko». Bada horretarako beharra, dioenez, gazteak «belaunaldi krisi baten aurrean» daudela uste baitu antolakundeak, «bizi baldintzen erabateko prekarizazioan». Alta, ez da «geldirik geratzeko» garaia, haren arabera: «Bizitzeko beste modu bat da Euskal Herriko gazteriarena: komunitatean antolatzen dena, munduari begirada kritikoz begiratzen diona, harremantzeko espazio osasuntsuak eraikitzen dituena». Bizimodu hori «apalkuntzarik gabeko Euskal Herri bat» eraikitzera bideratu nahi dutela azpimarratu du gazte antolakundeak.

Halaber, «galdera berri eta garrantzitsuen garaia» ere badela ohartarazi du. Horregatik, topagunean horiez eztabaidatzeko espazioak sortu nahi dituela azaldu du Ernaik, eta gazteei «formakuntzarako, ikasteko eta desikasteko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko» aukera eman. Asmo horrekin, Euskal Herriko nahiz nazioarteko hizlariak izango dituztela aurreratu du. Horietako batzuk izango dira Jordi Borras, Kattalin Miner, Joseba Sarrionandia, Mikel Antza, Jule Goikoetxea, Albina Stardust eta Garbiñe Aranburu. Antolakundeak aurreratu du ekologismoaz, hezkuntzaz, antifaxismoaz, migrazioaz, komunikazio politikoaz, lodifobiaz eta euskal kulturaz jardungo dutela, beste hainbat gairen artean.

Lehen iragarpenak

Izan ere, topagunearen helburuak ez ezik, egitarauaren zati bat ere aurkeztu du Ernaik. Musika eskaintza «oparoa» izango dela iragarri du, eta, horretarako, Elorrion hainbat gune jarriko dituztela. Horietan joko dute, besteak beste, Merina Gris, Brigade Loco, Toc, Olaia Inziarte, Odei eta Zetak taldeek.

Ohiko moduan, apirilaren 8an, larunbatez, ekitaldi nagusia egingo dute, eta hurrengo egunean Aberri Eguna Iruñean ospatzera deitu dute. Dagoneko salgai dira topagunerako hiru eguneko bonuak, BIBE plataforman eta «ohiko tokietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.