Bidesariak

Bidesarien deskontuekin erabiltzaileek 44 milioi euro aurreztea espero du Gipuzkoako Aldundiak

Urtarrilaren 1ean hasiko dira deskontuak aplikatzen. Ezberdinak izango dira ibilgailuaren motaren eta erabileraren arabera.

N-1ean ibilgailu astunek bidesaria ordaintzeko sistema. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2022ko abenduaren 29a
17:28
Entzun

Urrian aurreratu moduan, igandetik aurrera Gipuzkoako ordainpeko errepideetako bidesariak merkeago izango dira. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak, batetik, inflazioaren eragina «arindu» nahi du, eta «mugikortasun jasangarria» bultzatu, bestetik. Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako batzarkidearen arabera, «pauso handia» da hartutako neurria, eta bere departamentuak uste du errepideen erabiltzaileek guztira 44 milioi euro inguru aurreztuko dituztela. AP-1, AP-8 eta A-636 dira Gipuzkoako ordainpeko errepideak.

Erabiltzaile guztiek BIDEGIn izena eman beharko dute, baita Abiatu, Via-T edo TAG sistema izan ere. Deskontuak hala aplikatuko dira, ibilgailuaren motaren eta erabileraren arabera:

Ibilgailu arinen erabiltzaile partikularrak

Hilabetean seigarren bidaiatik aurrera %25eko deskontua izango du bidaia bakoitzak, eta 21.etik aurrera, berriz, %75ekoa izango da. Horrez gain, hilean 35,35 eurokoa izango da gehienezko gastua: hortik aurrera, doakoa izango da. Lehen, Gipuzkoako bidaiariei bakarrik aplikatzen zitzaien deskontu hau, baina hemendik aurrera erabiltzaile guztiei aplikatuko zaie, BIDEGIn izena emanda badaude betiere.

Garraio publikoa

Garraio publikora bideratutako ibilgailu astunek —autobusak eta autokarrak— izango dituzte deskontu handienak: erdia ordaindu beharko dute. Bestalde, taxiek maiztasunaren araberako deskontuak izango dituzte. 21. bidaiatik aurrera %10eko deskontuak izango dituzte, eta %13koak 51.etik aurrera.

Garraiolariak

Salgaiak garraiatzeko ibilgailuek etiketaren araberako jaitsierak izango dituzte. 0 eta Eco etiketa dutenei %25 jaitsiko diete prezioa; %20 euro 6 etiketadunei, eta %15 Euro 5 ibilgailuei. Horrez gain, salgaiak daramatzatenei %10eko deskontu gehigarria aplikatuko zaie 21 eta 50 bidaia artean egiten badituzte, eta %13, berriz, 51 edo gehiago egiten dituztenei. Hala ere, 2023ko urriaren 1etik aurrera hasiko dira erabileraren araberako jaitsiera horiek egiten, nahiz eta atzeraeragina izango duen; hau da, BIDEGIn dokumentazioa egiaztatuta, itzuli egingo zaie dirua.

Autonomoak

Jarduera ekonomikora bideratutako autonomoen eta bestelako erabiltzaileen ibilgailuei ere gehienez %13ko beherapena egingo diete, erabiltzen duten maiztasunaren arabera; urriaren 1etik aurrera sartuko da indarrean neurri hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.