Peleren heriotza

«Goian bego, errege»

Pele zendu da, askorentzat historiako futbol jokalari onena zena. Koloneko minbizia zuen, eta asteak zeramatzan ospitalean. Artea zen harentzat futbola.

jarraia222599.jpg
Paulo Ostolaza - Ainara Arratibel Gascon
2022ko abenduaren 29a
20:12
Entzun

Brasil aldarte alaieko herrialdetzat saldu izan da, eta estereotipo horrek ere utzi du arrastoa futbolean, jogo bonito (joko ederra) deitzen dioten jokatzeko erarekin. Baina jogo bonito-a triste dago gaur. Edson Arantes do Nascimento Pele hil zen atzo, jokatzeko era horren aita ponteetako bat, 82 urte zituela. O Rei ezizenez ere ezaguna, askoren iritziz inoizko futbol jokalari onena izan zen. Besteak beste, Brasilgo selekzioaren historiako golegile nagusia da 77 golekin, eta hiru Munduko Kopa irabazi dituen jokalari bakarra da.

Pele osasun egoera larrian zegoela jakina zen azken asteetan, eta haren aldeko mezu mordoa ikusi ahal izan dira, besteak beste, Qatarko Munduko Kopan. Sare sozialetan ere asko zabaldu zen #ForçaRei traola. 2021eko irailean atzeman zioten minbizia, eta Sao Paulon zegoen ospitaleratua, Albert Einstein ospitalean. Han, medikuek kimioterapia bertan behera uztea erabaki zuten, onurarik egiten ez ziola ikusita. Ordutik, zainketa aringarrietan zegoen. Azken egunetan jada senideek esan zuten, egoera oso larria zela.

Historiako futbolari onena zein izan den galdetzen denean, hautagaien artean izaten da beti Pele. Mitoa da brasildarra, duela bi urte eskas hil zen Diego Armando Maradona, Franz Beckenbauer, Johan Cruyff edota Leo Messi bezalako izenen pare. Ez da makala haren palmaresa. Brasilgo selekzioarekin nabarmendu zen; izan ere, ez zuen sekula Europako talde batean jokatu. 1981ean, Mendeko Atleta titulua eman zion Frantziako L’Equipe egunkariak. Urrezko Baloia, ordea, ez zuen sekula irabazi, garai hartan Europan jokatzen zuten jokalarientzat baitzen.

Tres Corações herrian jaio zen 1940. urtean, Minas Gerais estatuan. 16 urte eskasekin egin zuen debuta Brasilgo selekzioarekin, eta 17rekin irabazi zuen lehen aldiz Munduko Kopa, Suedian, 1958an. Balentria errepikatu zuen Txilen, 1962an eta Mexikon, 1970ean. Azken horretan, gainera, txapelketako jokalari onenaren saria irabazi zuen. Gaur egun, oraindik ere, Brasilgo selekzioarekin gol gehien egin dituen jokalaria da Neymarrekin batera, 77rekin. Bere ibilbide osoan, datu ofizialen arabera, 1.284 gol sartu zituen 775 partida ofizialetan.

Neurketa gehienak Sao Pauloko Santosekin jokatu zituen. Hura izan zen Peleren bizitzako taldea. 1956tik 1974ra arte jokatu zuen han, eta, besteak beste, bi Libertadores Kopa eta bi Kontinente Arteko Kopa irabazi zituen. Santosen historiako golegile nagusia da, 643 golekin. 1975ean Amerikako Estatu Batuetara joan zen, New York Cosmos taldera; hiru urte egin zituen han, eta liga bat irabazi zuen.
Jokatzeko era ikusgarriagatik nabarmendu zen. Taktikatik harago, sormena zuen ezaugarri nagusi. Taldekide bati baloia pasatzerakoan, errematatzerakoan edo aurkari bat atzean uzterakoan beti «gauza eder bat» egitea zuen buruan. Horixe baitzen harentzat futbola: «Arte bat».

Erretiratutakoan ez zen bizitza publikotik aldendu Pele. 1977an NBE Nazio Batuen Erakundearen enbaxadore izendatu zuten, eta munduko herritar titulua eman zioten. FIFAren joko garbiaren komisioko kide eta Unicefeko enbaxadore ere izan zen. Politikan ere parte hartu zuen: 1994 eta 1998 artean Brasilgo Gobernuko kirol ministro izan zen, Fernando Henrique Cardoso presidentearen agintaldian.

Salaketak eta polemikak

Alde ilunik ere izan zuen. Adibidez, ez zuen hainbat seme-alabaren aitatasuna onartu, eta haren bikotekide ohiek epaitegietara jo zuten aitatasun hori onartu, eta haiei zegokien mantenu pentsioa ordaintzeko. Urte luzez ez zuen egin. Bestalde, haren enpresak 700.000 dolar jaso zituen Argentinako banku batetik, Unicefen aldeko partida bat antolatzeko. Diru hori itzuli egin behar zuen, baina ez zuen egin. Bestalde, 2014ean Brasilen jokatu zen Munduko Kopa. Herrialdea krisi ekonomiko eta sozial sakon batean zegoen, eta herritarrak kalera atera ziren hori salatzeko. Pelek protesta horiek bertan behera uzteko eskatu zuen, «herrialdearen irudia ez zikintzeko». Herritarrek haren jarrera salatu zuten.

Familiaren agurra

Peleren familiak eman du bere heriotzaren berri sare sozialetan. «Inspirazioak eta maitasunak markatu zuten Pele erregearen bidaia. Bere bidaian, Edsonek mundua liluratu zuen futbolerako jenioarekin, gerra bat gerarazi zuen, gizarte lanak egin zituen mundu osoan zehar, eta bere ustetan gure arazo guztien sendabidea zena zabaldu zuen: maitasuna». «Maitasuna, maitasuna eta maitasuna, betirako», hitz horiekin hasi eta amaitu dute Peleren senideek mezua.

Mengalvio Pedro Figueiro Brasileko futbol jokalari eta entrenatzaile ohiak ere Pele agurtu du; 60ko hamarkadan haren kide izandakoa da. «Ezin dut sinetsi joan zarenik. Gaur ez da futbola soilik dolutan dagoena, mundu osoa baizik. Jainkoari eskerrak ematen dizkiot zu pertsona gisa ezagutzeko pribilegioa izateagatik, zurekin futbolaren historia egiteagatik eta jokatzeagatik. Beti egongo zara nire oroimenean eta bihotzean. Goian bego, errege».

Neymar futbol jokalariak ere Pele ohoratu du sare sozialetan: «'Pele baino lehen, 10 zenbaki bat besterik ez zen'. Esaldi hori nonbait irakurri nuen, nire bizitzako uneren batean. Baina esaldi hori, ederra baina osatugabea da. Peleren aurretik futbola kirol bat besterik ez zela esango nuke. Pelek dena aldatu zuen. Futbola arte bihurtu zuen, entretenimendu. Ahotsa eman zien pobreei, beltzei, eta batez ere: ikusgarritasuna eman zion Brasili. Erregeari esker hanpatu da futbolaren eta Brasilen estatusa! Joan da, baina bere magia mantenduko da. Pele betirako da!». Cristiano Ronaldo futbolariak ere hitz batzuk eskaini dizkio: «'Agur' hutsa ez da inoiz nahikoa izango egun futbolaren mundu osoak duen mina adierazteko. Hainbeste milioiren inspirazioa, atzoko, gaurko, betiko erreferentea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.