Indakeria matxista

Kartzelara bidali dute Rebeca Huayta hiltzea egotzitako gizona

Emakumearen gorpua Boliviara aberriratzeko tramiteak abiatu dituzte haren senideek. 45 urte zituen, eta aurten bortxa matxistaren ondorioz hildako bosgarren andrea da.

arantxa iraola
2022ko abenduaren 30a
11:08
Entzun

Basauriko kartzelara (Bizkaia) bidali dute astearte gauean Bilbon Rebeca Huayta Huacan hil zuen gizona. Asteazkenean atxilotu zuten, Poliziari aitortu ostean labankadaz hil zuela bikotekide zuen emakumea, eta gaur arratsaldean epailearen aurrera eraman dute; espetxeratzea ebatzi du hark. 44 urte ditu gizonak, eta bortizkeria matxistari lotutako salaketa gehiago ditu kontra. Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea izan da Huayta; 2003tik 117 andre falta dira Euskal Herrian.

45 urte zituen Huaytak, eta Boliviako Santa Cruz erregioan sortua zen, Patacamaya herrian. Boliviako Kanpo Harremanen Ministerioak urratsak hasi ditu haren gorpua aberriratzeko. Biktimak Bolivian zituen senitartekoekin harremanetan jarri dira agintariak, haren anaiarekin zehazki, aberriratzearen gaineko xehetasunez jarduteko. Behin haiek eskea era formal batean egiten dutenean, urratsak hasiko dituzte hilotza hara eramateko.

«Estraditatzeko» eskea

Era berean, Boliviako kontsulatuak bilerak izan ditu Boliviako migratzaileek Bilbon osatzen duten komunitateko ordezkariekin. Haiek «estradizioa» eskatu zuten ustez andrea hil duen gizonezkoarentzat. Bolivian sortua da hura ere, eta zigorra han betetzea nahi dute. Hildakoaren gertukoek mezu horiek ozendu zituzten atzo haren hilketa salatzeko egin ziren elkarretaratzeetan ere.

Aurrekariak ditu gizon horrek; aurrez ere indarkeria matxista egotzi izan diote. Horren gaineko albisteak baziren, eta Espainiako Berdintasun Ministerioak egiaztatu egin zituen atzo bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.