Burujabetza

SAPA arma enpresak «heriotza» ekoizten duela salatu du Ehunek

Andoaingo egoitzaren atarian «hilotzak» zabaldu ditu mugimenduak; haren arabera, enpresak ekoizten duen hori bera. SAPAk 78ko erregimenarekin «lotura zuzena» duela salatu du, eta beharrezkotzat jo du «euskal errepublika» gauzatzea, «bizitzaren alde egiteko».

«Hilotzak», SAPAren Andoaingo fabrikaren atarian (Gipuzkoa). BERRIA
2022ko abenduaren 30a
12:39
Entzun

Ehun mugimenduak ekintza bat egin du SAPA arma enpresak Andoainen (Gipuzkoa) duen fabrikaren atarian: «hilotzak» utzi ditu bertan. «Ekoizten duena enpresaren ateetara eramatea erabaki dugu», azaldu du mugimenduak, ohar bidez. «Adierazi nahi izan dugu hilotzak sortzen dituzten enpresek ez dutela euskal errepublikan lekurik izango eta euskal errepublika beharrezkoa dugula gerretatik alde egin eta heriotzaren industriak ixteko».

Izan ere, Ehunek uste du SAPAk «heriotzaren industria» elikatzen duela. «Enpresa horrek lotura zuzena du 78ko erregimenarekin, bere produkzio guztia Espainiako Armadara bideratzen baitu», salatu du. Gainera, mugimenduak salatu du Espainiako Gobernuak gastu militarra %26 handitu duela azken aurrekontuetan, eta, hala, men egin diela NATOren eskariei: «Espainiak erabaki du gerra egitea dela bere etorkizuna. Erabaki du munduko txiroenen aurka egin nahi duela».

Horregatik, premiazkotzat jo du «Espainiatik alde egitea», baldin eta Euskal Herriak «mundu mailako gerra egoeraren parte» izan nahi ez badu. Alde horretatik, «euskal errepublika» armagintza industriari bizkarra emateko tresnatzat jo du mugimenduak: «Euskal errepublika beharrezkoa dugu SAPAren gisako enpresak legez kanpokotzat jo eta bizitzaren alde egiteko. Horregatik, ziur gaude euskal errepublika gauzatzea izango dela munduko bakearen alde egin dezakegun ekintzarik eraginkorrena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.