Hizkuntzalaritza

'Neoloteka' ataria sarean jarri du UZEIk, euskarazko hitz berriak biltzeko

«Errealitate berriak» izendatzeko euskaraz erabiltzen diren hitz eta esamolde berriak jasotzeko da; etengabe osatuko dute, eta hiztunek ere sarrerak proposatu ahal izango dituzte.

arantxa iraola
2022ko abenduaren 30a
12:41
Entzun

UZEI terminologia eta lexikografia zentroak gaur ohar baten bidez jakinarazi du Neoloteka deituriko ataria jarri duela sarean, «errealitate berriak» izendatzeko euskaraz erabiltzen diren hitz eta esamolde berriak jasotzeko. «Bizirik dagoen edozein hizkuntzatan, etengabe ateratzen dira hitz berriak», nabarmendu dute oharrean. «Lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egitea behar-beharrezkoa da edozein hizkuntzarentzat, eta, are gehiago, euskara bezala normalizatze bidean dagoen hizkuntza batentzat». Etengabe osatuko dute ataria, eta hiztunek ere sarrerak proposatu ahal izango dituzte.

Euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen hitzak jasotzen dira atarian, eta euskaratik bertatik hiztunek sortutako hitz eta esamolde berriak. «Egitasmoaren helburua behatoki bat sortzea da, euskarazko neologismoak identifikatu, bildu, aztertu eta sarean edonoren eskura jarriko dituena», azaldu dute. «Horrelako egitasmoak ohikoak dira beste hizkuntzetan, eta horren adibide dira, besteak beste, katalanezko eta gaztelaniazko neologismoak biltzeko eta aztertzeko sortu diren egitasmoak».

Gaur egun erreferentziazko lan lexikografikoetan ez dauden formak izango dira jasoko dituzten neologismo asko. Baina izango da salbuespenik: egitasmoaren berri emateko ondu duten oharrean, azaldu dute atarian agertzen diren formaren batzuk egon daitezkeela aurrez jasota hiztegiren batean. «Esklusio corpus» gisara erabiliko dute Neoloteka, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren paperezko azken bertsio argitaratuan —2016koa da— ageri diren formak ez dira agertuko atarian.

Hona hemen zenbait adibide: gaur atarian, A letrako lehen bi neologismoak arrazializatu eta arzalpen dira; B letrakoak, beheraldi demografiko eta biopic; D letrakoak, dark kitchen eta demisexual.

Hilero hogei sarrera

Atari bizia izango da, eta hilero hogei sarrera inguru gehituko direla aurreikusi dute. Hitz eta esamoldeak proposatu nahi dituzten hiztunek inprimaki bat bete beharko dute, eta aztertu egingo da proposamena. Azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiak emandako laguntza baten bidez egin ahal izan dutela egitasmo hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.